"Islama, guztion ondarea" erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik Plentziako Goñi Portal kultur aretoan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako eduki pedagogikoa duen kultur egitasmoa da, baina bere informazio izaeragatik jende orori dago zuzenduta. Kultura Islamikoaren Fundazioak eta Alarabetah euskal zentro arabiar-libiarrak antolatu dute eta, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Larunbatetan, berriz, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Eta iganderan goizez bakarrik. "Ikusmenaren, ukimenaren, dastamenaren eta usaimenaren bitartez, erakusketa ibiltari honek, hain hedatuta eta aldi berean hain ezazaguna den milaka urteko zibilizazio honen ateak irekiko dizkigu", antolatzaileek adierazi dutenez. Argazkian, apirileko Aniztasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako IV. Jardunaldietan ere egon zen ikusgai Algortan, "Islama, guztion ondarea" erakusketa.