Nafarroan burututako atxiloketak salatu ditu Itzubaltzetako Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 2a, 20:01

Herenegun eta atzo bitartean Espainiako Poliziak Iruñean eta Barañainen egindako atxiloketak salatu ditu Itzubaltzeta / Romoko Segik. Gazte erakundearen aburuz, oraindik inkomunikatuta dauden Ibai Azkona, Iker Araguas, Gorka Sueskun eta Mikel Flamarika gazteak "Segiko kide direlakoan" harrapatzearekin batera, "PSOEren Gobernuak independentziaren alde borrokatzen duten gazteak atxilotu, inkomunikatu eta torturatzeari ekin dio". Talde ilegalizatuak "eraso" horien helburua "independentzia eta sozialismoaren aldeko borroka kriminalizatzea" iritzi dio, eta horretarako "komunikabideetan gazteon inguruan esaten diren gezurrak" erabiltzen direla salatu du. Ildo beretik, AAMk salatu du ETBk "azken polizia operazioari eman dion tratamendua". Errepresioaren mugimenduaren aburuz, gazteak kale erasoekin lotzen zituen Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren bertsioa "egiatzat eman izana eta gazteen inkomunikazio egoeraz ezer ez esana" kezkagarria da. Gainera, gazteak torturatuak izateko arriskuan daudela gogoratu dute. Azkenik, Musikherria diskoetxe askeak elkartasuna adierazi die atxilotutakoei, tartean "Enano" eta Ibai, Arkada eta Skatu musika taldeetako kideei. Argazkian, atxilotuetako bat / Askatu.org.

AAMren oharra:

ETBk azken polizia operazioari eman dion tratamendua salatu du AAMk

Rubalcabaren bertsioa egiatzat eman izana eta gazteen inkomunikazio egoeraz ezer ez esana egotzi dio. Telebista publiko batek ezin duela horrelako jarrerarik izan salatu du.

Gaur eguerdiko ETBko albistegian atxiloketen inguruan zabaldu duten informazioaren gainean honako hausnarketa zabaldu nahi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak:

- Albistegiaren sarrera lau atxilotuei kale erasoak egiteko materiala aurkitu dutela baieztatu dute, inolako iturririk aipatu gabe.

- Behin albistea sakontzen hasi direnean barne sailaren bertsioa goitik behera eman dute: atxilotuei zer egozten zaien, zer aurkitu dieten, zein antolakundetako kideak diren e.a

- Barne sailaren bertsioarekin hasi eta amaitu dute albistea. Inongo unetan ez dute aipatu atxilotuak inkomunikatuak daudenik, ez Amnistiaren Aldeko Mugimenduak tortura arriskuaz ohartarazi duenik ere. Alegia, Rubalcabak dioena zabaldu dute, ez besterik. Kale erasoetarako materiala aurkitu dietela azaldu dute, zehaztuz suziri bat, gas bonbona eta pintura aurkitu dituztela.

- Gure informazioen arabera pintura poteak eta petardo bat (zarata ateratzeko petardo bat, inolako kalterik eragiteko indarrik gabe) aurkitu dituzte miaketetan, propagandako materialarekin batera. Posible da gas bonbona bat ere aurkitu izana (guk ez dugun horren berri), baina taberna bat, lonja bat eta 4 etxe miatuta harritzekoa al da hauetako batean gas bonbona bat egotea? Euskal Herriko zenbat etxetan daude gas bonbonak?

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren iritzia:

- Aurrez ere askotan landu dituzte albisteak modu honetan. Sumarioa sekretupean egon arren, eta atxilotuak inkomunikatuak, atxilotuak argi eta garbi kriminalizatu ditu albistea eman den moduak.

- Nahi duenak badaki herri honetan tortura sistematikoa dela, baita ETB-ko albistegien arduradunek ere. Baina beste behin atxilotuen inkomunikazio egoera ezkutatu dute, inkomunikazio egoera isilduz, inkomunikazio egoerari garrantzia kenduz. Inkomunikazio egoera da tortura ahalbidetzen duena, eta egoera hau isiltzeak erraztu egiten du atxilotuak torturatuak izan daitezen.

- Tortura salaketa izugarriak izan dira urte honetan bertan, baina ETBko albistegiek salaketa hauei emandako tartea oso urria izan da gehienetan.

- Torturaren existentzia elementu ezberdinek egiten dute posible. Hauetako bat da komunikabideek tortura kasuen aurrean, inkomunikazioaren aurrean erakusten duten isiltasuna. Goizean goiz bidali dugun oharrean argi erakutsi dugu gure kezka. Urteak daramatzagu errepresioaren aurka lan egiten, eta jakin badakigu askotan kezka hauek egi bihurtzen direla bost egunen buruan (ea oraingoan ez den horrela). Hor daude Nafarroako azken atxilotuen tortura testigantzak.

- Telebista publiko batek salaketa eta kezka hauei bere lekua egitea eskatzen dugu. Tortura beraien helburuetarako erabiltzen duten ministroen bertsioen ondoren, torturaren aurka lan egiten duten herri mugimenduen hitz isiltzea benetan tamalgarria deritzogu.

MusikHerriaren oharra:

Gaur egunak ilun argitu du. Gaur MusikHerriako beste bi kide (Arkada-ko "Enano" eta Skatu-ko Ibai) bahitu dizkigutela jakiten hasi dugu eguna. Ez dira lehenak, ez da nobedadea, geroz eta gehiago dira ziega ilunetan
bahiturik dauzkagun MusikErrepresaliatuak (eta arrazoi politikoengatik gure artetik eraman dizkigutenak orokorrean). MusikHerriatik argi adierazi
nahi dugu beraiekin, atxilotutako kideekin gaudela eta aske ikusi nahi ditugula, gurekin ikusi nahi ditugula lanean, asanbladetan, kontzertuetan eta jai herrikoietan, eta horren alde lanean segituko dugula, Markel, Eneko,
"Ezkerra", "Potxu", Gaizka, Ibai, "Enano" eta beste denak etxeratu arte.

Pausoz pauso bide egiten iritsiko da eguna zeinetan gure ametsak beteko diren. Herri honen askatasunaren aldeko indarrak bilduz, neskatxa eta mutiko, lotu lanera!

Enano, Ibai eta beste guztiak askatu!

MusikErrepresaliatuak kontzertuetara!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun