Gutierrezen esanetan, euskarak lehiakorrago eta profesionalago egiten ditu enpresak. Izan ere, enpresa horiek gehigarri bat dute euskaraz aritzeko gai ez diren enpresekin alderatuz, eta gainera euskara gero eta gehiago erabiltzen den gizartean egoera berrietara egokitzeko gai direla erakusten dute: "euskarazko merkatu potentziala handitzen ari da eta enpresa, komertzio txiki nahiz era guztietako entitateek merkatuko eskaerari erantzuteko gai izan behar dute". Gutierrezen hitzetan, Ziurtagiriaren Elkarteak baieztapen horietan sinesten du eta horregatik dihardu Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez lanean.
212 entitate horietatik 33k "zerbitzua eta lana euskaraz" maila eskuratu dute, 67k "zerbitzua euskaraz" maila, eta 112 "bidean" mailan daude. Bizkaian Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak zein sektoreri dagozkion begiratuz berriz, datu hauek ikusten dira: %18 enpresa industrialak dira; %25 merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira; %25 kultura, gizarte mugimendu eta kirolaren sailari dagozkio; %7 hezkuntzari eta %23 zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira.
Euskal Herri osoan dagoeneko ia 1.600 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute Ziurtagiria. Zehatz-mehatz esanda, 1.557 dira uneotan Ziurtagiria dutenak eta guztira 40.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak.
Bai Euskarari Ziurtagiriak zortzi urteko ibilbide oparoa egin duen arren, Ziurtagiria gestionatzen duen elkarteak, hau da, Ziurtagiriaren Elkarteak urtebete pasatxo besterik ez du. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gestionatzen zuen aurrez Ziurtagiria. Baina, Bai Euskarari Ziurtagiriak 7 urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita, Kontseiluaren ekimenez Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko.
Gutiérrezen esanetan, proiektu zabalagoa, konpartitua eta eraginkorragoa jarri zen martxan: "gestioa optimizatu nahi izan genuen eta optimizazio saiakera horrek eman ditu bere fruituak". Urte honetan datozen lau urteetarako oinarriak finkatzen aritu da Elkartearen Zuzendaritza. Horretarako, datozen lau urteetarako estrategia plana diseinatu du: "estrategia plan horrek aurrikusten du datozen lau urteetan oraingo kopurua bikoizteko bidean izango dela Ziurtagiria. Horretarako, 2012. urterako lortu nahi dugun helburu nagusietako bat zera da: Bizkaian Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena areagotzea. Hori lortzeko 2009 urte hasieran martxan jarriko dugun plana ari gara diseinatzen, eta plan horren barruan Euskal Herriko lurralde bakoitzean zein helburu izango ditugun ari gara zehazten".