Tito Parisek abiatuko du datorren ostiralean munduko musiken zikloa Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 3a, 19:27

XIX. Musika Denboraldiaren barruan, Munduko Musikak zikloari emango dio hasiera datorren ostiralean, urriak 10, Kultur Leioak. Hain zuzen ere, Cabo Verdeko musikaririk handienetako bat aukeratu dute horretarako: Tito Paris, alegia. Bere ahotsa, “bluesaren” ahots zakarra ere deitutakoa, gitarrara hurbiltzeko duen modu aparta, bere konposizio eta melodiak... horri guztiari esker, Cabo Verdeko enbaxadore kultural izatera heldu da denborarekin; izan ere, bere herrialdeko musitaren melankolia eta alaitasuna mundu osotik hedatzen du. Ondoren etorriko dira Kroke laukote poloniarraren (urriak 24), Arto Tunçboyaciyan armeniarraren (azaroak 14) eta Mafalda Arnauth potugaldarraren (azaroak 28) saioak. Emanaldi guztiak 21:00etatik aurrera izango dira, Kultur Leioako entzungelan, 12 euroren truke. Bitartean, urriaren 18an, larunbatarekin, zinema musika saioa eskainiko du Txatarreria Keaton taldeak. Sarreran 6 eurotan egongo dira. Urtea bukatu arte, blues eta jazz kontzertuak ere izango dira, prezio berberan. Argazkian, Tito Paris.

Berezitasuna, izaera krioilo, sustraien tradizioa... Tito Parisek 2007an plazaratu zuen azken diskoa, eta, bere musikan, erritmoa moteldu edo arintzen du, Angolako zein Portugal iparraldeko eraginak nahasten ditu, Mozambikerantz desbideratzen da edo Brasilgo sanba jotzen du. Kroke, berriz, (Krakovia hiri poloniarraren izen 'yiddish'-a) musika 'klezmer' tradizionalean inspiratzen da, bere moldaketa eta inprobisazioen oinarri gisa, baina eragin garaikideak ere integratzen ditu. Musika klasikoaren, jazzaren, 'new age'-aren eta ijitoen musikaren gainean duen ezagutza sakonaz baliatuta, taldeak ezohiko soinua sortzen du: aparta, guztiz “ekialdekoa”, eta zoragarriki exotikoa. "Seventh Trip" disko berria aurkezteko biraren hasiera izango da Leioako kontzertua.

Arto Tunçboyaciyan eta Mafalda Arnauth

Arto Tunçboyaciyan Armenian Navy Banden liderraren bakarkako lanek Anatoliako eta Armeniako sustraiko musika aztertzen dute, sorkuntzarako eragin berriekin eta bizitzari ilusioz begiratuta. Ospetsua da folk avant-gardearen eszenan, eta Europako artisten 200 disko baino gehiagotan hartu du parte –artista horien artean, World Music delakoaren izenik ospetsuenetako batzuk daude: esate baterako, Sezen Aksu turkiarra eta Eleftheria Arvanitáki greziarra–, eta, AEBetan, jazzaren figura handi askorekin kolaboratu du; esate baterako, Chet Baker, Al Di Meola edo Joe Zawinulekin. 2007tik, mundu osoko musikariak hartzen dituen “Continental Breakfast” proiektuan sartuta dago.

Duen ahots gaztearen freskotasunarekin, hasieran naturaltasunagatik liluratu zituen musikazaleak Mafalda Arnauthek; gero, Portugaleko memoria kolektiboa antzinako arrakasten bilduma baten bidez azaleratzeagatik; eta, azkenik, bere izaeragatik, egin dituen konposizioengatik eta duen nortasunagatik. Mafalda fadoaren bitartez agertzen zaigu, eta errepertorioa zabaltzeko beharra dauka, aletxoa emanez bere herrialdeko kulturari. Kontinente bakoitzean marka bat uzten du: inspirazioa ekarri zion iraganekoa, bizi duen orainaldikoa, eta lortu nahi duen etorkizunekoa.

Zinema musika eta jazza

Bitartean, urriaren 18an, larunbatarekin, zinema musika saioa eskainiko du Txatarreria Keaton taldeak. Zinema ulertzeko modu bati egindako omenaldi apala, proiekzio aretoak krisi betean dauden garai honetan. Antzinakoa bezalako une ahaztezina igarotzeko gonbita, Buster Keatonek interpretatu eta zuzendutako pelikula batzuen (“Aurpegi zurbila”, “Errementaria” eta “Ipar Poloa”) soinu banden zuzeneko inprobisazioarekin. Saioa Kultur Leioako entzungelan izango da, 20:00etan, 6 euroren truke. Bestalde, urte bukaera bitartean, hainbat kontzertu eskainiko ditu blues.jazz zirkuituak. Kultur Leioatik igaroko dira Mamassita Pro emakume laukotea (Euskal Herria), urriaren 17an; Julian Kanevsky Trio (Argentina), azaroaren 21ean; eta Terela Gradin + Gem Trio (Galizia), abenduaren 20an. Saioak 22:00etan izango dira, 6 euroren truke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun