Joseba Arregi zinegotziak hiru ezaugarri nabarmendu ditu 6.200 metro koadro hartuko dituen Gobelaurre parkearen urbanizazio proiektuan: belaunaldi ezberdinentzako izatea, irisgarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua. Bertan, umeentzako jolas eremu berria –proiektuaren beste fase batean estaliko dutena–, gazteentzako futbol eta saskibaloi zelaiak eta nagusientzako petanka eta ariketak egiteko tresnak jarriko dituzte. "Horrela egiten dugun lehenengo parkea da, eta elkarbizitza posiblea delakoan gaude", azaldu du Arregik. Dena den, ildo hori posible egiteko pilotarako jokatzeko eremuak futbol eta saskibaloi zelaietara murriztuko dituztela ziurtatu du.
Era berean, "orain arte ezkutuan" egon den Gobelaurre parkea "irisgarria eta hiriaren barruan kokatuko" dela dela aurreratu du Hirigintza zinegotziak, horretarako sarrerak handitu, hainbat eskailera aldapengatik aldatu, geldituko diren bi eskaileretan eskulekuak jarri eta zuhaitzen artean bide gehiago egingo dituzte. Horiekin batera, egungo murruak bota, farolak ugaritu eta zakarrontziak eta irisgarritasun araudiari egokitutako eserlekuak ipiniko dituzte. Lan horiek guztioriek egitean ez dituzte bertako zuhaitzik ukituko, horrelako urte askoko arbolak parkearen "aktibo" bat direlako eta ingurumenarekin "errespetuz jokatzeko".
Haur parkearen estalkia eta Xake plaza
Oraindik orain, parkearen zaharberritzearen bigarren fase batean eraikiko den haurren jolasen gaineko estalkia zelangoa izango den oraindik ez daki, zehatz-mehatz Udal Gobernuak. Imanol Landaren esanetan, "ereduzko esperientzia" izango da hauteskunde programan agindutako espazio irekiak gaitzeari dagokionez, eta kontu garrantzitsutzat jo du, batez ere gurasoentzat. "Orain arte, estalitako espazioen faltagatik umeak merkataritza guneetara eramatera behartuak ikusi ditugu gure buruak gurasook", azaldu du aita ere den alkateak.
Oraingoz, egitura berriaz gauza gutxi aurreratu du Joseba Arregik: "azpiegitura arina izango da, estaliko duena baina eraikin itxura izan gabe, mantenu erraza izango duela zainduz". Gauzatu arte, materiala zein izango den ere ez dago argi. Esku orrietan eta Arregiren ahotan estalia metalikoa izango bada ere, auzokideek ikusiko duten erakusketan plastiko mota bat den polikarbonatoa ageri da azpiegitura horren lehengaia izateko.
Horrelako egitura bat Areetako Xake plazan karparen auzian konponbidea izan daitekeen galdetuta, Landak kontuz erantzun du: "beste plaza batzuetarako aztertzen ari gara eta ikusiko dugu funtzionatzen duen. Xake plaza bezalako espazio handiagoetara estrapolatu daitekeen esateko lasterregi da. Hori aurrerago ikusiko dugu". Landak gaineratu duenez, gainera, Areetako Geltoki plazak estalki bat baino askoz proiektu handiagoa eskatzen du.
Parkeari buruzko erakusketa eta iradokizunak
Itzubaltzeta / Romoko Txabarri Zuazo parkea urbanizatzeko egitasmoa gaurtik urriaren 12ra arte izango da jendaurrean, Santa Eugeniako kultur etxeko beheko solairuan. Interesatuta dauden pertsona guztiek proiektu hori ezagutzeaz gain, horren gaineko ideia eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Landak azaldu duenez, “herritarrek parte hartzeko urrats berri bat da, auzotarrek duten iritzia eta gune horretarako nahi dutena ezagutu ahal izango dugulako, jakin badakigulako auzotarrak eurak direla parke hau gehien erabiliko dutenak eta, hortaz, bere gainean duten iritzia ezagutu nahi dugu”.
Gobelaurre parkeko proiektuaren gaineko erakusketa astegunetan ikusi ahal izango da arratsaldez, 17:00etatik 21:00ak arte, eta larunbata eta igandetan, berriz, goizeetan, 10:00etatik 14:00ak arte.
"Azaldu diezaiotela auzokideei"
Bestaldetik, PP eta PSE-EE alderdiek azken Udalbatzan Gobelaurre parkea zaharberritzeko lanak finantzatzeko baliabideei emandako ezetza gogoratu du gaur Landak. Jarrera "harrigarritzat" jo ostean, ezetza horren gaineko azalpen publikorik eman ez izana leporatu die alkateak PP eta PSE-EEri: "azaldu diezaiotela auzokideei", eskatu du.
Imanol Landak Itzubaltzeta / Romoko bizilagunei "mezu argi eta sendoa" helarazi nahi izan die. Landak GobernuTaldeak "auzoa hobetzeko" hartu duen konpromisoa berretsi du. “Gobelaurreko parkearen proiektua eta Romoko auzoa hobetzeko egin asmo ditugun beste batzuk ere aurrera aterako dira, dirua harrien azpitik atera behar badut ere". Bestalde, argi utzi du "beti" egongo dela zabalik negoziatzeko, baina PSE-EEk eta PPk "ezezko borobila ematen badiete horrelako proiektuei guk ez diegu utziko udalerria gelditzen", esan du irmotasunez alkate getxoztarrak.