Egunean bertan, helduak goizeko 8etan hasiko dira ibiltzen Algortako batzokitik abiatuta, 16 kilometroko ibilbidea osatzeko. Fadura, Iturgitxi Estarta, Sustatxa eta Muinarrekolandatik igaroko dira, hamaiketakoa Urduliz eta Sopela arteko Santa Mariñe haitzetatik hurbil hartuko dutelarik. Hortik aurrera Sopela, Berangoko metro geltokia, Zientoetxe errepidea eta Aixerrotatik joango dira, eta Algortako batzokia izango dute helmuga. "Ibilbidea zailtasun gutxikoa da eta gutxi gorabehera hiru ordu eta erdian egin ahal izango da hamaiketako hartzeko geldialdia barne", Itxartukoek zehaztu dutenez.
Hamar urte baino gutxiagokoentzat, berriz, beste ibilbide bat prestatu dute: Algortako batzokitik aterako dira, Aixerrota eta Azkorritik igaroko dira eta itzulera Galea eta Aixerrotatik egingo dute, batzokira bueltatuz. Ibilbide hau 6 kilometrokoa da. Irteera 9:00etan izango dute txikiek. Ibilaldia bukatu ondoren, Itxartu egunean egin ez ziren eskupilota partidak eta herri parrilada izango dira eta 13:00etan sari-banaketa hasiko da batzokiaren patioan.