Atzo egindako batzarrean, alderdi politiko zein auzotarrek Gobela ibaiaren egokitze hidraulikoko egitasmoari egindako ekarpen eta proposamenak aztertu zituen Uholdeetako Batzorde Bereziak. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziaren arabera, "oraindik itxi ez diren gai batzuk geratzen dira adosteko, batez ere, uholde arrisku handia duten Zubilleta eta Plentzia Hiria auzoetako egoera hobetzeko proposamenen gainean". Hurrengo bilera hilabete barru inguru egingo dute, proiektua urtea amaitu aurretik itxi ahal izateko. "Lanak lehen bait lehen hastea" da asmoa. Hala ere, obretan hasi aurretik, egitasmoak ingurumenean izango duen eraginaren gaineko azterketa egin beharko dute, udal arduradunak aurreratu duenez, "hori baita, hain zuzen, errekan lanak hasteko aldez aurretik bete beharreko baldintza nagusia". Artean, Ura agentziako ordezkariek, "bideragarriak izatekotan eta aldi baterako egoera hobetu ditzaketela ondorioztatzen bada, uholde arriskua arintzeko neurri zehatz batzuk hartzea agindu dutela" aurreratu du Arregik. Gobela egokitzeko proiektua idatzi bitartean hartuko lituzkete horiek. Hala ere, helarazitako prentsa oharrean, Hirigintza zinegotziak ez du zehaztu neurriak
Getxoko PPk proposatutakoak izango diren. Argazkian, udal langile bi errekan.