Plentziako sendategi zaharrak hartuko du EHUren Itsas Estazioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 3a, 21:43

Gaur sinatu dute Plentziako itsas sendategia EHUri erabiltzen uzteko hitzarmena Isabel Zarauza alkateak eta Juan Ignacio Perez Iglesias errektoreak. Bertan itsas estazioa egingo dute. Ekitaldian izan dira Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Jon Mancisidor BBKko zuzendariorde nagusia eta Fernando Perez Burgos Euskal Autonomi Erkidegoko Itsasertz Mugapeko burua. Etxaldea Plentziako eta Gorlizko hondartzen elkargunean kokatuta dago. 2005ean BBKk doan lagatu zion Udalari Plentziako Itsas Estazioaren (PIE) proiektua garatzeko. 2007an Itsasbazterretako Zuzendaritza Nagusiak erabaki zuen sendategia itsas biologiaren eta ingurumenaren azterketa eta esperimentaziorako zentro moduan prestatzeko baimena ematea. Bestade, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurumen sailaren bitartez, egitasmoa bultzatu eta sustatzeko konpromisoa hartu zuen iragan martxoan, ia 7 milioi euroko ekarpen ekonomikoa eginez. Egokitze lanak aurten hastea eta gutxi gorabehera bi urtetan bukatzea aurreikusita dago. Argazkian, Perez Iglesias hitzarmena sinatzen Zarauzaren begiradapean.

Eraikinak 2.500 metro koadrotik gorako azalera dauka. Bertan ingurumen arloko zientzien eta hezkuntzaren arloko irakaskuntza-jarduerak eta Itsas Biologia eta Bioteknologiaren arloko ikerketa-jarduerak garatuko dira. Hezkuntza arloan, graduondoko prestakuntza eskainiko da, ingurumen eta batik bat itsasoarekin lotutako gaietan, eta herritarrentzako dibulgazio zientifikoko jarduerak eta goi-mailako espezialista eta teknikariak prestatzeko nahiz etengabeko prestakuntzarako jarduera espezifikoak ere egingo dira. Ikerkuntzari dagokionez, itsas ingurunearen osasunari, ingurumeneko kutsadura-mailen ebaluazioari eta Europako araudien aplikazioari buruzko azterlanak ahalbidetuko ditu, besteak beste.

Instalazioetan itsasoko ur bolumen handiak erabili ahal izango dira (egunero berrituko diren 50.000 litro itsasoko ur). Beraz, gaur egun egin ezin diren ikerketak burutu ahal izango dira, unibertsitateko iturriek zehaztu dutenez. Ikerkuntzarako laborategiak (arrain, itsas ornogabe eta algak landu eta ikertzeko; mikrobiologia eta biologia molekular arloko azterketak eta praktika histologikoak egiteko), ikasgelak, batzargelak, bulegoak, ikasteko guneak eta liburutegia eraikinaren hiru solairuetan kokatuko dira. Solairu bakoitzak 600 metro koadro ditu. Horretaz gain, 60 metro koadroko terraza dauka egoitzak, baita 200 metro koadroko begiratokiak, baita 500 metro koadroko lorategia ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun