Sopelako
Ander Deuna ikastolak bihar ospatuko du bere 40. urteurrena. Ikastolako kideek gogoratzen duten bezala,Francisco Franco bizirik zela jaio zen Ander Deuna 1968ko irailean "zazpi ume hasi ziren, nahiz eta kurtsoan zehar ume kopurua gehituz joan eta kurtso bukaerarako 20 bat ume egon ikastolan". Irakasle bakarra zuten eta eskolak San Pedro elizako areto batean ematen zuten orduan. Berrogei urte beranduago, festa giroan egingo duten biharko ekitaldian ikastolaren sortzaileak, lehenengo ikasleak eta gurasoak omenduko dituzte, UK aldizkariak zabaldu duenez. Oraingoan ere, sorrerako baloreei eutsi nahi diete ikastolako kideek: "euskara eta euskal kultura, herrikoia izatea eta partaidetzaren aldeko ahalegina". Argazkian, haur hezkuntzako 4. mailako ikasleak iazko euskal astean. Horrelako belaunaldi gazteen artean euskara zabaltzen jarraituko du Ander Deunak.