Nesken taldeak, berriz, ez du aldaketa gehiegi txapelduna izan zen taldearen aldean (amatasunek eta lan eta norberaren arrazoiek behartutako baten bat izan ezik) eta agian esanguratsuena “Tato” Duran entrenatzaileak (gizonezkoen lehenengo taldeko jokalaria) hartu behar duen bigarren maila da. Izan ere, honek ere arrazoi pertsonalengatik jokularien pisu osoa Nerea Martinezen esku utziko du, Irune Elorriagak aurrean lagunduta.
Helburua argia da. Lehenik eta behin, Euskal Liga eta nazio mailan, Koparen barruan dagoeneko, gutxienez finalerdietara iristea, azkeneko urteotan hainbatetan lortu dutena.
Emakumezkoen Getxo Arteak Euskal Liga hasiko du bihar, larunbata, arratsaldeko 4:30ean, Fadurako zelaian. Getxoztarrak nafarren aurka jardungo dute ligako lehenengo euskal derbya burutuz. La Unica de Navarra taldea arerio zaila izango da fisikoki talde indartsua baita. Baina, Getxoko teknikarien ustez ez dira garaipena eskuratzeko oztopoa izango. Aurtengo udan emakumezkoen Euskal Liga oso gutxi, edo ezer ez, aldatu dela ematen du. Horregatik, Getxo Artea, berriro ere, faborito nagusia izango da ligako titulua berritzeko. Gaztedi eta Durango nola indartu diren ikusi zain, Getxok ez luke arazorik eduki behar Kopako faseetara iristeko eta iragan maiatzaren 10eko sorpresa ematen saiatzeko. Orduan, aurreikuspen guztien aurka, titulua eskuratu zuen Bartzelonako INEF ahaltsuaren aurka Zaragozan. Bestalde, bihar Getxo Rugbyko gizonezko taldeak Valladoliden jokatuko du arratsaldeko 5:30ean, Cetransa El Salvador. Talde indartsua izan arren garaitzea espero dute.