“Hizkuntza zahar, hizkuntza berri (euskararen berri)” izeneko ikastaroa eskainiko du aurten Deustuko Unibertsitateko Kultur Aisia egitasmoak, Getxoko Udalarekin elkarlanean eskainiko duen ikastaroetako bat. Ekimen horretako ikastaroak kultur kezkak dituztenei daude zuzenduta, edozein adinetakoak izanda eta aurretiazko titulaziorik gabe, udal iturriek adierazi dutenez. Izan ere, helburuen artean, jakintza humanistikoetan sakontzea, kultur ondareaz gozatzea eta gaur egungo idazleak ezagutzea daude. Aurten izango da aipatutako ikastaroa eskainiko duten lehenengo aldia eta horretan, besteak beste, euskararen jatorria, euskal idazle klasikoen ekarpena, euskara batuaren sorrera, euskararen egungo mapa soziolinguistikoa, mitologia eta etorkizuneko erronkak jorratuko dituzte. Irakaslea Xabier Monasterio izango da eta ikastaroa urriaren 14an, 21ean eta 28an, azaroaren 4an, 11n, 18an eta 25ean eta abenduaren 2an, 9an eta 16an (asteartetan), emango dute Algortako Villamonteko kultur etxean, 19:00etatik 20:30era. Argazkian, Monasterio erdian, Bilbo Hiria irratiko Soinugela saioan Rafa Rueda musikariarekin eta Pedro Elias Igartua musikan adituarekin izandako solasaldian / Sarean.com
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!