Ondarearen Europako Jardunaldiek hainbat ekitaldi ekarriko dituzte Getxo eta Erandiora

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 6a, 20:31

Getxo udalerriko ondare kulturala zabaltzeko asmoz, Turismo Bulegoak “2008ko Ondarearen Europako Jardunaldiak” ekimenarekin bat egin du aurten ere. Hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu du urrirako (erakusketak, antzeztutako bisita gidatuak, ikus-entzunezko proiekzioak…) interesatu guztiei zabalduta. "Kalitatezko esperientzia lortu nahi da horrekin; bertoko ondarea ezagutu eta errespetatu, berarekin gozatu, eta jarrera horiek guztiak ingurumena mantentzeko estrategiatan sartu", azaldu du Aitor Soloeta Turismo zinegotziak. Horrenbestez, Ondarearen Europako Jardunaldiek Portu Zaharra eta Aixerrota sustatuko dituzte Getxon. Erandion, berriz, tradiziozko lanbideei buruzko hitzaldia eta artisautza zentrora bisita gidatua antolatu dituzte, Santi Neira Kultur zinegotziak aurreratu duenez. Horretaz gain, Erandio ezagutzeko ibilaldia ere egingo dute. Argazkian, besteak beste, lanbide tradizionalak hartu dituzte gaitzat aurtengo jardunaldiek.

Europako Kontseiluak bultzatzen ditu aipatu jardunaldiak, Europako Batasunaren laguntzarekin, eta horiekin, egun zehatz batzuetan, herritarrei "interesa duten hainbat lekuren garrantzia" erakutsi nahi diete, Soloetaren arabera. Bizkaia da 2001etik hona ekimen honetan parte hartzen duen euskal lurralde bakarra. Aurten Europako Kontseiluak hautatu duen gaia “Baserriko bizimoduaren eta ofizio tradizionalaren ondarea” da; hori dela eta, Getxoko bi leku erakargarri azpimarratuko dituzte berton, hau da, Portu Zaharra eta Aixerrota. Jardunaldietan Kultur Etxeak, Andres Isasi Udal Musika Eskolak, “Simulacro Teatro” antzerki taldeak, UKTEST txalaparta elkarteak eta Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) ere parte hartuko dute, aipatu udalerrian.

Antzeztutako bisitak Algortako Portu Zaharrean

Antolatutako ekitaldien egitarauaren arabera, Aixerrotako aretoan “Getxoko Aixerrota” izeneko erakusketa ikusgai egongo da hilaren 15 arte. Egunero bisitatu ahal izango da, 13:30etik 23:30ak arte (asteazkenetan eta igandeetan izan ezik; egun horietan 17:00ak arte zabalduta egongo baita). Portu Zaharreko ekitaldiak hilaren 15ean hasiko dira “Portu Zaharra eta bertakoen lanbideak” kale erakusketarekin, datorren azaroan 2ra arte. Etxetxu plazan, hilaren 17an eta 24ean, 20:00etan, txalaparta emanaldia eta Portu Zaharraren gaineko bertso-saioa egongo dira. 18an eta 25ean, 21:00etan, “Akordaten naz” ikus-entzunezko proiekzioa eskainiko dute, eta 19an eta 26an, 13:00etan, kalejira eta sardina jana egongo dira. Halaber, interesatu guztiek antzeztutako bisita gidatuekin gozatu ahal izango dute Portu Zaharrean, bertako historian sartu eta bertan bizi zirenen lanbideak ezagutuz. Ezinbestekoa da, aldez aurretik, Turismo Bulegoan erreserba egin, 944 910 800 telefono zenbakian edo infoturismo[abildua]getxo.net helbide elektronikoan.

Pozozabaletik Erandio Landara

Bestalde, Erandion ere erakusketa zabalduko dute urriaren 6tik 10era eta 13tik 17ra, 17:00etik 20:00era, udaletxeko etxabeetako erakusketa gelan. Besteak beste, “Baserriko bizimodua eta tradiziozko lanbideen ondarea” lehiaketara aurkeztu diren argazkiak ikusgai egongo dira bertan. Ostegun honetan (hilak 9), berriz, “Tradiziozko lanbideak, ikuspegi etnografiko-historikoa. Tradiziozko lanbideentzako bide berriak” izenburuko hitzaldia emango dute, Astrabuduako Josu Murueta kultur aretoan, 19:30ean, sarrera doan. Bertan, Debako idazle Carmelo Urdangarinek Euskal Herriko tradiziozko lanbideei buruz egin diren ikerketen berri emango du. Jon Alberdi, Erandioko Artisautza Zentroko arduraduna izango du lagun eta horrek artisautza tradizionalaren egungo egoera eta etorkizunaz arituko da.

Horri lotuta, larunbat honetan, hilak 11, Erandioko Artisautza Zentrora antolatu dute bisita gidatua. Horrenbestez, bi txanda izango dira, 10:30ean eta 12:00etan. Gutxi gorabehera ordubeteko iraupena dauka bisita bakoitzak eta, tokiak mugatuak direnez, aurretik egin beharko da erreserba 944 175 761 telefono zenbakira deituz edo info[abildua]centroartesanalerandio.com helbide elektronikoaren bitartez. Azkenik, Erandioko Mendigoizaleak elkartearen laguntzaz, Erandio Ezagutzeko II. Martxa deitu dute urriaren 18rako, larunbatarekin. Pozozabaletik (Goiherri) Erandio Landaraino 11 kilometroko (3 ordu) egingo dute. Hala ere, irteera lekura heltzeko autobusa egongo da Altzagako metroko zabalgunetik, 9:00etan; Astrabuduako Mezo kaleko bus geltokitik, 9:15ean; eta Erandio Landako Goikoa plazatik, 9:30ean. Itzultzeko ere jarriko dituzte autobusak. Gosariari dagokionez, ogitartekoa eta edaria eramateko eskatu du Neirak, armusua bidean egingo baitute. Horrenbestez, urriaren 14ra arte egongo da izena emateko aukera Kultur Sailean edo Mendigoizaleak elkartearen egoitzan (Bekoa Ikastetxea, 19:00etan).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun