Gurasoek seme-alabekin euskaraz egin dezaten hainbat ekitaldi antolatu dituzte Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 7a, 14:29

Sendi egitasmoaren barruan, hainbat ekitaldi antolatu ditu ikasturte berrirako Egizu Getxo Euskaldun! elkateak, udalerriko haurren aita-amek euskara erabiltzea sustatzeko eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragiteko helburuarekin. Sendi ekimena Getxoko Udala eta Egizu elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da eta A, B eta D ereduetako 2 eta 12 urteko udalerriko ikasle guztien gurasoentzat da; baita begirale, hezitzaile eta irakasleentzat ere, udal arduradunek adierazi dutenez. 2008/2009ko ikasturtearen egitarauak eskainiko dituen ekitaldien artean honako hauek izango dira: sukaldaritza, jolasak, eskulanak eta kirola egiteko ikastaroak, musika tailerrak, ipuin kontalariak, bisita ludiko-kulturalak eta familia osoarentzat mintzapraktika egiteko gurasolagun taldeak. Jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz izaten dira, doan edo oso merke eta guztietan begirale zerbitzua egoten da umeak zaintzeko, gaineratu dutenez. Argazkian, Sendik ibilitako gurasolagun taldeetako bat.

Aurreko ikasturtean, 2007/2008koan, Sendik 24 jarduera antolatu zituen eta horietan mila bat lagunek parte hartu zuten. Bereziki partaidetza ona eduki zuten gurasolagunen taldeek, guztira 40 aita eta ama biltzen ibili baitziren 8 taldetan banatuta. Informazio gehiago lortzeko 685 732 963 telefono zenbakira deitu behar dute pertsona interesatuek edo bestela sendigetxo[abildua]yahoo.com posta elektronikora jo. Oraingoan Sendiko arduradunek 6 ikastetxe bisitatu dituzte euren jardueren berri emateko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun