Simulacroren kale antzezlanak zabalduko ditu etzi Getxoko Antzerki Jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 7a, 21:22

Ostegunean, urriak 9, Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldiak hasiko dira udalerriko Simulacro taldearen eskutik. Konpainiak bere azken ikuskizuna aurkeztuko du: "Con el bulto en la espalda", hain zuzen ere. Ikuskizuna Algortako Telletxe plazan izango da, 19:00etan. Jardunaldiak urriaren 19ra arte luzatuko dira eta, horietan, 14 antzezlan eskainiko dira. "Con el bulto en la espalda" kalera moldatutako barruko ikuskizuna da, Arantza Iurre obraren zuzendari eta aktoreak gaur azaldu duenez, "antzezten den herri bakoitzeko hiri-paisaian inplikatzen dena, kultura arteko elkarrizketa ahalbidetzeko asmoz". Zuzeneko musika, testuaren poesia eta gorputz lana dira gaur egun pil-pilean dagoen mezua transmititzeko erabiltzen dituzten elementuak. Antzezlanak errefuxiatu eta etorkinen arazoei heldu nahi die eta, aldi berean, egoera hori gure artean nola bizi den eta etorkinei zer nolako harrera ematen zaien aztertzen du. Argazkian, Simulacro eszenatoki gainean.

Horrezaz gain, ikuskizunak ezagutu eta maite izan duen guztia atzean utzi behar duenaren lekuan jartzeko iradokitzen du. "Bertako zein kanpoko gazteei -eta gainontzeko herritarrei- zuzenduta dago, gai horri buruz hausnartu eta aurreiritziz eta klixez betetako eguneroko errealitate hori, egunerokoa izan arren ezezaguna zaiguna, bere orainaldia eta etorkizuna, beste ikuspuntu batetik azter dezaten", zehaztu du Iurrek. Azkenik, guztiei, bertakoei, kanpotarrei zein ikusleei, bizi-esperientzia bat konpartitzeko eta, beraz, beren buruak hobeto ezagutzeko aukera, beharbada beren baitan zerbait berria topatzeko aukera, eman nahi die. Caixa Catalunya fundazioak finantzatutako egitasmoak “Encantado de conocerte” tailerra barne hartzen du eta berau Algortako Julio Caro Baroja (Getxo I) institutuko ikasleek -bertakoek zein kanpokoek- osatzen dute. Eurek ere parte hartzen dute antzezpenean.

Simulacro antzerki taldea

Ikusleekiko egiazko komunikazioa bilatzea xede duen taldea da, euskal antzerkigintza indartsu eta interesgarria lortzeko ahaleginak egiten dituena. Bere partaideen ustez, taldea ideologia bat duten eta ikerketa komun bat egiteko elkartzen diren gizon eta emakumeek osatzen dute. Simulacro Teatroaren abiapuntua egile garaikideen testuak dira, lan fisikoan oinarritutako interpretazio organiko eta egiazko baten bitartez landutakoak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun