Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eta Urtxintxa Eskolak antolatua, dagoeneko izena eman daiteke Berbalagun egitasmoan. "Lau pertsona inguruko taldeak elkartzen dira, euskaldun zaharrak eta berriak tartekatuz. Astean ordu betez geratzea adosten da hasieran, taldekideek beraiek, aukeratzen dutelarik non eta noiz gelditu, zer egin…", azaldu dute tokiko arduradunek. Horrez gain, berbalagun guztiak biltzen dituen ekintzak ere antolatzen dira, irteerak, afariak… modu honetan, euskararen harreman sareak gehiago zabalduz. Talde horien jarraipena egiteko, arazoak konpontzeko, informazioa zabaltzeko zein zalantzak argitzeko arduradun baten laguntza izaten da eta bera arduratzen da taldeen osaketaz, ekintzen antolaketaz…
Lan poltsak
Bestalde, zaintzaile, begirale (kirola, aisialdia...) eta eskola partikularretarako irakasle euskaldunen lan poltsak sortu nahi ditu Uribe Kostako Mankomunitateak. Dagoneko eskuragarri daude deialdiari buruzko informazio eta eskabide-orriak Mankomunitateko bulegoan, Sopelako Gatzarriñe kalean. Bestela, 946 762 674 telefono zenbakira deitzerik badago. Azkenik irailean ekin zieten berriro Euskaraz Olgetan (ikusi egitaraua pdf-n) izeneko jarduerei. Gauzak horrela, urrian, astean behin izango dira haur, gazte eta batzuetan familia osoari zuzendutako ekintza eta tailerrak, udalerri bakoitzean, hots, Lemoiz (astelehenetan, 17:00etatik 19:00etara), Urduliz (astearteetan, 17:30etik 19:30era), Plentzia (ostegunetan, 17:30etik 19:30era), Sopela (larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara) eta Gorlizen (igandeetan, 12:00etatik 14etara).