Iñaki Goirizelaiak EHUko hauteskundeetara aurkeztuko dela baieztatu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 8a, 19:11

Iñaki Goirizelaia Ingeniaritza Telematikoan katedradunak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore izateko hautagaitza aurkeztu du gaur goizean Bilbon emandako prentsaurrekoan. Goirizelaiak bere taldearen berri eman du hedabideen aurrean, egitasmo berri bat garatzeko instituzioari egonkortasuna eta "ilusio asko" duen "balio akademiko handiko" taldea, esan duenez. Abenduaren 4ko bozetan Marisol Esteban Ekonomia Aplikatuan katedradunarekin lehiatu beharko da egungo Errektoretza Taldeak aurkeztuko duen hautagaia. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Estebanek bihar ezagutaraziko du bere hautagaitza eta EHUko hauteskundeetara eramango duen taldea. Biek ala biek eta bestelako balizko hautagaiek ere, errazago izango dute abenduan elkarrekin lehiatuz Juan Ignacio Perez Iglesiasek bakarrik joanda maiatzaren 22an izan zuena baino. Ez dute unibertsitarioen botoen erdia baino gehiago behar izango, beste errektoregaiak garaituta nahikoa izango dute. Argazkian, Iñaki Goirizelaia.

Iñaki Goirizelaia Bizkaiko campuseko errektoreordea eta egungo Errektoretza Taldearen hautagaiak adierazi duenez, "inor baino hobeto ezagutzen dugu Unibertsitate hau, kudeatzeko "prest eta ilusionatuta gaude", aurreko eztabaida politikoak alde batera utzita, "hori ez baita gure gerra". Juan Ignacio Perez Iglesias egungo errektoreak egindako lana baloratu du Goirizelaiak eta biek unibertsitate eredu beraren alde egiten dutela esan du, baina horrek "ez du esan nahi nik gauza berberak egingo ditudanik nire modua dudalako bai kudeatzeko baita harremanak izateko ere". Horrela, Goirizelaiak ziurtatutakoaren arabera, abenduaren 4ko hauteskundeetan irabazten badu, "indarrean dauden egitasmoek bere horretan jarraituko dute, instituzioari egonkortasuna emanez", baina beste proiektu berri asko dituztela adierazi du.

Babesak

Egungo errektoretza taldeak EILAS sindikatuaren babes oparoa jaso zuen orain dela bost urte, baina azken hauteskundeetan, sindikatuak bi orrialdetako testu bat plazaratu zuen Perez Iglesiasen aldeko zein kontrakoak aletuz eta botoa eman ala ez afiliatuen esku utziz. Bestalde, Perezen harremanak EA eta EAJrekin ez dira txarrak izan. Perezek irakasle ez funtzionarioei zabaldu zien osagarri ekonomikoak, hainbat urtez atzeratu diren herri lanetarako finantziazioa lortu eta atzeko atea ireki zien kaleratutako bi irakasleri EHUn berriz lan egiteko, baina bere aurka jarri zituen Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonaleko langileak zein ikasleen gehiengoa. Azken hauek euskalduntze politika eskasaz, Bologna prozesuaz eta campusen militarizazioaz kexu agertu dira behin baino gehiagotan. Bizkaiko campusean Delta segurtasun enpresak eta Ertzaintzak istiluetan izandako esku hartzearen erantzukizuna Goirizelaiari leporatu diote gainera.

Marisol Estebanek, berriz, Sarrikoko lobbyaren sostengua du eta baita CCOOren alderdi atzerakoiarena ere. Irakasle katedradunen aldeko osagarri ekonomikoak defendatu ditu eta Perezek egindako euskararen aldeko politika apala, "hizkuntz fundamentalismotzat" jo du. Ekonomia Aplikatuan katedradunak bere hautagaitza bihar ezagutaraziko duen arren, dagoeneko berarekin joango diren hainbat lagunen izenak aurreratu ditu "El Correo Español" egunkariaren edizio digitalak: Jon Landeta, Ramon Barrio eta Carlos Ochoa aipatu ditu hedabideak, Estebanek irabaztekotan, hurrenez hurren, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako errektoreordeak izango liratekeenak, iturri berberen arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun