Ertzaintzak 40 urteko JM.I.QU. gizonezkoa atxilotu zuen iragan gauean Leioan, agintaritzaren agenteei desobedientzia larria egitea leporatuta. Gertakaria 23:30ean jazo zen. Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, Leioako gasolindegi bateko langileak Ertzaintza ohartarazi zuen bezero bat bera iraintzen eta gogaitzen ari zela esanez. Langilearen hitzak aipatuz, polizia iturriek adierazi dutenez, oso urduri zegoen gizonezko bat bera iraintzen hasi zen establezimenduko atea irekitzen ez ziolako, segurtasun arrazoiengatik, eta leihatila batetik ordaindu behar zuelako. Baldintza horiek gidaria gogaitu zuten eta langilea iraintzen eta lokaleko atea jotzen hasi zen. Berataratutako ertzainek bere burua identifikatu zezala eskatu zioten bezeroari. Halere, ez zuen jaramonik egin eta agenteek jarrera horrekin jarraitzen bazuen delituan eroriko zela jakinarazi zioten. "Behin eta berriz identifikatzeari uko egiten zionez bezeroa atxilotu zuten. Une horretan atxilotuak establezimenduko komunera joatea eskatu zuen. Handik denbora gutxira gidaria biluzik irten zen gerritik behera eta gasolindegiaren kanpoaldean kaka egiten hasi zen. Polizia autoan jarrera berberarekin jarraitu zuen, polizia egoitza batera eramaten zuten bitartean", azaldu du Herrizaingo Sailak.