"Eraginkortasuna Getxon erabilienetakoa den hedabide baten bitartez lortu nahi da, Internet erabiliz alegia. Eta, zehatzago esanda, web gunearen, www.getxo.net-en bitartez", Loroñok azaldu duenez. Komunikazio zinegotziak emandako datuen arabera, irailean, esate baterako, 240.000 sarrera izan zituen udal web gunean. Bertan kirol atal berezia sortu du Udalak eta lehen hilabetean, eta horren ezelako berririk eman barik, 8.648 IP delako sarrerak jaso ditu. Kirol web berria apurka apurka joango da hobetzen, atal bera, bere edukiak eta euskarriak handituz. Uneontan, idatzizko informazioa eta argazkiak ezezik, soinu-dokumentuak jasotzen dira talde nagusietako protagonistei egindako elkarrizketekin (berauetan, asteburuko norgehiagoken inguruko gorabeherak, emaitzen azterketak eta beste hainbat gai kontatzen dituzte), eta gerora beste teknologia batzuekaz hornituko da web gunea (bideoarekin, sms-ekin, eta abar). "Atal berri honi esker, herritarrei kirol albisteak eskaintzeaz gain, web gune propioa duten kirol taldeei ere laguntza ematen die Udalak, lotureen bitartez zein modu zuzenean gaur gaurkoa ez den informazioa helaraztea ahalbidetuko baitu", gaineratu du Loroñok.
Elkarteen ataria
Komunikazio zinegotziak aurreratu du web berria Udalak abiatuko duen elkarteen atariarekin osatuta geratuko dela hilabete batzuk barru. Bere hitzetan, "aitzindaria den ekimena da, herriko giza, kultur eta laguntza erakundeak eta kirol talde guztiak babesteko asmatutakoa. Ekimenaren inguruko berri guztiak emango ditu aurrerago, baina elkarteen ataria elkargintzaren alorrean teknologia berrien erabilera bultzatzeko eta herritarrentzat elkarte hauen kolektiboa bistakoa izan dadin asmatuta dago”.