Ekainaren 1eko uriolek kaltetutako Algortako Fadura kiroldegiko igerileku estalia abendu aldean zabalduko dutela adierazi du gaur Alvaro Gonzalez Getxoko Kirol zinegotziak. Azaldu duenez, uholdeek hondakin-urak saneatzeko eta arazteko sistema hondatu zuten erabat. "Horri, instalazioek 35 urte inguru dituztela gehituta, egin beharreko lan guztiak arautegi berriaren araberakoak izan beharko dira", zehaztu du udal arduradunak. Estalitako padel eta tenis pistak, berriz, urriaren bukaera edo azaroaren hasierarako egongo omen dira zabalik, Gonzalezen arabera. Pilotalekuek, ordea, konponketa lan luzeagoak beharko dituzte, "urek egitura kaltetu zutelako". Hartara, "hasiera batean, horien erabilera entrenamenduetara mugatuko da", Kirol zinegotziaren esanetan. Argazkian, Fadura kiroldegi ingurua urez gainezka, ekainaren 1ean.