Begoña jauregia eta ondare historikoari buruzko hitzaldia egingo dute astelehenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 9a, 22:38
Algortako Gorrondatxe kultur elkarteak antolatuta, datorren astelehenean, hilak 13, "Punta Begoña eta ondare historiko artistikoaren babesa" izeneko hitzaldia eskainiko du Iñaki Uriarte arkitekto ezagunak, Begoñako jauregiaren "edertasuna eta berezitasuna" ere mintzagai izango direla. Hitzordua Algortako Villamonte kultur etxean izango da, arratsaldeko 7:30ean, eta hitzaldiaren ostean solasaldiari eta eztabaidari ekingo diete, Gorrondatxeko kideek jakinarazi dutenez. Elkartetik gogoratu dutenez, Begoñako jauregiko galeriak 1918an eraiki ziren, "mendiari eusteko betebehar funtzionalari aterpe eta pasealeku izaera emanez. Euste hormaren atzealdean Etxebarrietaren Txaleta zenaren lekuan orain dauden etxetzarrak 80ko hamarkadan eraiki zirenean, galeriak eta lur zoruaren zati bat Getxoko Udalaren esku geratu ziren". Argazkian, hitzaldiaren kartelean erabilitako irudia.
Baina, Gorrondatxe kultur elkarteak kritikatu duenez, "geroztik udal ondarea dena erabilera publikorako konpontzeko proposamena Udal Batzar Aretoan behin baino gehiagotan aztertu egin bada ere, Udalak abandonaturik izan du urte luze hauetan zehar. Galeriak erabiliz, behar izatekotan eraitsiz eta atzeko mendia hustuz Barcelo Hotel kateak luxuzko hotela nahierara egin dezan Getxoko Udala burutzen ari den hirigintza plangintzaren aldaketaren aurrean, ehunka galdapen eta kexa aurkeztu dugu getxoztarrok".

Astelehenean, Begoñako jauregiaz gain, ondare historiko-artistikoa, ondare publikoaren erabilera, Getxorako garapen eredua eta hainbat alderdi aztertuko dituzte Villamonten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun