Algortako San Lorentzo azokaz hitz egingo dute bihar Eusko Legebiltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 9a, 23:34
Algortako San Lorentzo azokan aurten gertatutakoen harira, Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak egindako galderari erantzun beharko dio, ostiral honetako Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. "Abuztuaren 10ean Getxon Ertzaintzak bertako zenbait zinegotziren aurka izan ziren mehatxu eta hertsatzeak ez ekiditeko izan zituen arrazoiei buruz" galde egin dio batak besteari. Lagun talde batek "mehatxuka" hasi zitzaizkiela salatu zuen egun horretan Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak. Handik hiru egunera, Zigor Goikoetxea gazte getxoztarraren aurkako salaketa aurkeztuko zutela iragarri zuten, "irainka hasi zitzaizkien erradikal taldearen buruzagia" zelakoan. Bada, Goikoetxea baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen abuztuaren 26an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak, Arrueri "hiltzeko mehatxua" egin eta horrenbestez "agintariari atentatua" egitea leporatuta. Egun, Segoviako (Espainia) espetxean dago gazte getxoztarra. Argazkian, Zigor Goikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko, abuztuaren 26an egindako manifestazioa / Etengabe.
Abuztuaren 10eko gertaeren unean Goikoetxea "ezaguna" egin zitzaiola adierazi zuen hiru egun beranduago Arruek, baina "oso urduri" zegoenez, "nor zen" ez zuen asmatu. "Gero, lasaiago" ohartu omen zen eta "jende gehiagok ere" bera zela esan ei zion. "Gara" egunkariak agertu (gaztelaniaz) bezala, zinegotzi popularraren deklarazioa nahikotzat jo zuen epaileak, "polizia txostenik, irudirik edota lekukorik ez" zegoen arren. Arrueren deklarazioari emandako "egiatasunaren" harira, Lander Labajo preso politiko algortarrari eta Uribe Kostako beste bi gazteri maiatzaren 28an egindako epaiketa ekarri zuen gogora kazetak. Getxoko PPren bozeramaileak istilu batzuen egiletzat hartu zuen aretoan hiru mutilen artean eserita zegoen kalez jantzitako ertzainetako bat.

Bitartean, Goikoetxea espetxez espetxe

Hori gutxi balitz, badirudi ohikoa bilakatzen ari dela erakunde publikoetan Algortako San Lorentzo azokan gertatutakoaz berba egitea, Zigor Goikoetxea ezertarako aipatu gabe. Besteak beste, iraileko Getxoko udal batzarrean, ordezkaritza duten alderdi guztiek adierazi zieten elkartasuna Arrueri eta gainontzeko zinegotzi popularrei, PSE-EEk aurkeztutako mozioaren harira. Aurretik nork eta zein modutan adierazi zion babesa izan zen eztabaida piztu zuen gai bakarra. Bada, hasieran, Soto del Realgo (Madril, Espainia) espetxean sartu zuten arren, egun gutxitara aldatu zuten Navalcarnerora Goikoetxea, tartean bidaian zehar jo egin zutela, "Berria" egunkariak zabaldu zuenez. Gainera, Navalcarneron preso arruntekin jarri nahi izan zuten eta getxoztarrak uko egin zion horri. Presoa zigortzeko, isolamenduan sartu eta irailaren 7ko bisita kendu egin zioten. Horregatik, hainbat protesta egin zituzten espetxe barruan, Goikoetxearen egoera salatu eta isolamendutik atera zezaten eskatzeko, bertan dauden gainontzeko euskal preso politikoak, Joseba Elorriaga algortarra horien artean zela. Baita protestak egiteagatik denak zigortu ere. Era berean, getxoztarrak gainditutako minbizia dela eta pasatu behar zuen azterketa medikua —Uribe Kosta eskualdean 2007ko urrian egindako sarekadan atxilotu ostean, osasun arazoak direla eta, 6.000 euro ordainduta aske uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak— galdu egin zuen. Bada, Navalcarnerotik atera ostean, Goikoetxea Segoviako espetxean —Getxotik 379 kilometrotara— zegoela jakin zuten etxekoek irailaren 25ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun