Igandean egingo dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 10a, 18:28
Igande honetan, urriak 12, abiatuko da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Hain zuzen ere, Mendexako frontoian egingo dute lehenengo kanporaketa, 17:30etik aurrera. Hala bada, Eñaut Intxaurraga, Xabier Enbeita, Eneko Abasolo "Abarkas", Garikoitz Sarriugarte, Olatz Ibarluzea eta Xabat Galletebeitiak jardungo dute hasierako saio horretan. Uribe Kosta eskualdeko ordezkariei dagokionez, ez dira lehian sartuko hilaren 18ko bigarren kanporaketara arte. Bitartean, etzi, binaka, gaia emonda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emonda hina bertso zortziko txikian; eta bakarka, hasierako puntua emonda bertso bi zortziko txikian abestu beharko dituzte bertsolariek. Eta kartzelako lanean, bakarka, gaia emonda beste hiruna bertso doinu eta neurri librean. Gauzak horrela, saioko irabazleak ziurtauta dauka finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoak, puntuen arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera. Mendexako kanporaketarako sarreran 8 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 3 euro. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Peru Vidal, Jone Uria, Itxaso eta Xabi Paya, eta Arrate Illaro, eskualdeko ordezkariak. Fredi Paya falta da.
Bigarren kanporaketan, hilaren 18an Zeanuriko frontoian, etorriko da uribekostarren lehenengo saiakera finalaurreetan sartzeko. Arrate Illaro Ipar Uribeko txapelduna eta Itxaso Paya izango dira protagonistak eta Igor Elortza, Iñaki Iturriotz, Iker Belaustegi eta Eñaut Uruburu gainditzeko mutilak.

Hilaren 25ean, berriz, Peru Vidal arituko da Muskizeko kultur etxean. Berarekin batera, Itzubaltzetako Bertso Eskola zuzendu zuen Oihana Bartra mahatserrikoa, Mikel Petuya, Jabi Olibares, Ander salaberria eta Julen Erezumak abestuko dute.

Larrabetzuko kanporaketa, eskualdekoentzat beti plaza gozoa dena, frontoian jokatuko da Udalak baimena emanda. ALBEko ordezkaria Jone Uria izango da, Gorka Ostolaza, Joseba Artza, Miren Amuriza, Arkaitz Zipitria eta Lander Ibarluzearekin bertsotan arituko dena.

Azken kanporaketa, Zaldibarko frontoiarena, finalaurreetan jardungo direnak zeintzuk izango diren behar-beharrezkoa izango bada ere, bertan ez du Uribe Kostako inork abestuko. Dena den, Unai Iturriaga, Gorka Lazkano, Mikel Galarza, Amaia Uribe, Manex Sagarna eta Ander Elosegi botako dituztenak entzutekoak izango dira. Aurretik aipatutako kanporaketen batean norbaitek abesteko ezintasuna izango balu, antolakuntzak bi ordezko jarri ditu, bada ez bada ere: Sestaoko Bertso Eskolako Jon Barrocal eta Jokin Castaños.

Handik aurrera, hiru finalaurreak burutuko dira, Xabi (Bizkaiko txapelduna) eta Fredi Paya algortarrak, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuria aurreko txapelketako finalistak zuzenean haraino helduko direla. Haiekin batera, kanporaketetako irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste sei bertsolarik parte hartuko dute. Finalaurrekoak azaroaren 23an, Gernika-Lumo frontoian, 30ean Markina-Xemeingo frontoian eta abenduaren 7an Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarriko duten karpapean izango dira. Azkenik, 8 finalistek lehia gogorra izango dute Barakaldoko BECen, Jon Azpillagak nori jarriko dion txapela azken unera arte ez dugula jakingo.

Bitartean, hona hemen igandean lehiatuko diren bertsolarien fitxa:

Eñaut Intxaurraga

Zeaniztarra, 1977an jaioa. Euskal Filologia ikasi ostean, irakasle lanetan dabil. 1998an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan (Garai horretan Araba-Bizkaikoa zen). 2000, 2002 eta 2004ko txapelketetan finalaurrekoetara heldu zen; eta 2004tik Arratiako txapelduna da.

Xabier Enbeita

1977ko uztailaren 6an jaio zen. Natxituan bizi den gernikarra. Erregai eta lehergaien energia baliabideetan diplomatua (ingeniari teknikoa). Irakaskuntza arautuan dabil bertsolaritza irakasle moduan. Aurtongo Busturialdeko txapelduna. 1998an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko txapelketan (Araba-Bizkaikoa zen garai haretan).

Eneko Abasolo

1976an jaio zen Iurretan. Okina da, banatzailea. 1998an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. 2004ean finalaurrekoetara heldu zen.

Garikoitz Sarriugarte

1976an jaio zen Zaldibarren. Ingeniari teknikoa informatikan. Etxebarriko EIKA kooperatiban dabil lanean.1998an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko Txapelketan eta 2004ean finalaurrekoetan abestu zuen.

Olatz Ibarluzea

1987an jaio zen Mungian. Topografia ikaslea Gasteizen. Aurton bigarrenez doa Bizkaiko txapelketara.

Xabat Galletebeitia

1987an jaio zan Lekeition. Farmazia ikasten dabil. Lehenengoz abestuko du Bizkaiko Txapelketan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun