"Salbuespen egoera" salatuko dute iluntzean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 10a, 19:03
"Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera salatzeko eta herriak marko demokratikoa behar duela aldarrikatzeko", ostiral honetarako, urriak 10, mobilizazioa deitu du Sopelako ezker abertzaleak. Hitzordua 19:30ean jarri dute Udaletxe plazan. Uribe Kosta eskualdean, Sopelan eta Lemoizen baino ezin izan zen legalki aurkeztu 2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan Eusko Abertzale Ekintza; 4 eta 3 zinegotzi erdietsiz, hurrenez hurren. Udal sopeloztarrak, baina, otsailean kendu zien dirua eta, ondoren, taldea desegin zuen (Iruñea ostean bigarrena) udal batzarrak, Imanol Garai alkatearen ekimenez; Espainiako Auzitegi Gorenak Eusko Abertzale Ekintza legez kanpo uzteko epaia atera (irailak 16) eta hilabeteak lehenago. Legez kanporaketez gain, espetxeratzeak, atxiloketak, torturak, euskal errefuxiatu politikoen egoera... salatuko dituzte. Bihar, berriz, elkartasunezko bertso bazkaria egingo dute. Bitartean, urriaren 6an, gauez, Ertzaintzak Larrabasterran kartelak jartzen zebiltzan bi gazte identifikatu zituztela salatu dute. Azkenik, Algortako Telletxe plazan, Anjel Figueroa preso gaixoaren egoera salatzeko elkarretaratzea egongo da gaur 20:00etan. Argazkian, irailaren 19an ehunaka lagunek salatu zuten "salbuespen egoera" Algortan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun