Gazte Eguna ospatuko dute bihar Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 10a, 19:21
Itzubaltzeta gaztetxeko lagunek ospatzen dabiltzan laugarren urteurrenaren harira, Gazte Eguna izango da larunbat honetan, urriak 11, Itzubaltzeta / Romon. Gauzak horrela, 12:00etatik 14:00etara, hainbat jarduera egingo dituzte hiru gunetan banatuta: Santa Eugenia plazako Herri Gunean, eskalada-murrua, puzgarriak, tirolina, tailerrak, ping-pong eta mahai-futbola; elizako Borroka Gunean munduko borrokak, hip-hop eta eragileak; eta Areetako Xake plazako Kultura Gunean, musika folk, grafittilariak, harrizulatzaileak, bertsolariak eta herri azoka. 15:00etan, berriz, herri bazkaria eta pailazoak eta trikipoteoa izango dira herrian zehar. Azkenik, 21:00etatik aurrera kontzertua eskainiko dute Hesian eta D.A.R. taldeek, Fredirenak bandaren erromeriarekin bukatzeko. Argazkian, 60 bat gaztek parte hartu zuten laugarren urteurreneko ekitaldien aurkezpenean.
Itzubaltzeta / Romoko Gazte Eguna Gazte Enbata konpartsa eta aisialdi taldeak abiatu zuen 2005ean, elkartearen bosgarren urteurrenarekin batera. 2007an utzi zion egiteari eta aurten gaztetxeak berreskuratu du.

Hala ere, hor ez dira amaituko Itzubaltzeta gaztetxearen laugarren urteurreneko ekitaldiak. Egitarauari bukaera emateko hainbat ekitaldi prestatu dituzte iganderako, hilak 12: 14:00etan, lehiaketa gastronomikoa, gaztetxean; 16:00etan, espekulatzaileari tiro, Santa Eugenia plazan; eta 20:00etan, film laburren emanaldia, Santa Eugenia plazan, hurrenez hurren. :"Ahora" eta "Muchos cuerpos para un funeral" pelikulak proiektatuko dituzte.

Lau urteko jarduera

"Lau urtez... herria astintzen!" lelopean egunotan bere laugarren urteurrena ospatzen dabilen Itzubaltzeta gaztetxea, izen hori daraman bigarren gaztetxea da. Izan ere, sei hilabetez jardun ondoren, 2004ko irailaren 27an Getxoko Udalaren aginduz, Ertzaintzak Santa Eugenia kaleko gaztetxea zena bortxakeriaz hustu zuen. Hiru egun beranduago, Errekagane kaleko aroztegi zaharrean Itzubaltzeta gaztetxe berria ireki zuten herriko gazteek. Handik hona, herriko koadrilen arteko komunikazioa eta elkar-ezagutza sustatzea, herriko dendariekin denda txikien egoera aztertzea, gazteek herrian bertan erosketak egin ditzaten kontzientziazio ekimenak eta etxebizitzari buruzko hainbat kanpaina izan dira Itzubaltzetako Gazte Asanbladak burututako lana.

2004ko irailaren 30ean okupatu zuten gazteek Errekaganeko Itzubaltzeta gaztetxea. Lehenengo hilabeteetan garbiketa lan gogorrak igarota, makina bat jarduera burutu dituzte Itzubaltzeta gaztetxeko lagunek: mota guztietako tailerrak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, gaztetxeko egitura hobetzeko auzolanak... eta era berean hainbat talde ezberdinei beren azpiegitura utzi diete jarduerak egiteko. Horren lekuko izan dira jai batzordeak, antzerki taldeak, musikariak, kultur eta gazte mugimenduak, euskalgintza, internazionalistak, software askearen aldekoak, sindikatuak, kirolzaleak, presoen aldekoak, pertsonen laguntzarako elkarteak eta abar luze bat. Ondoren etorri ziren herriko gazte lonjetan, parkeetan, institutuan eta kalean egin zituzten inkestak, herriko gazteek beraiek haien errealitatea zelan ikusten zuten ikusteko. Arazo nagusitzat jo zuten koadrilen arteko harreman eta komunikazio ezari erantzunez, gaztetxeak bere funtzionamendua aldatu zuen, kultur emankizun askotarikoak eginez, kirol jarduerak bultzatuz eta koadrilen arteko harremana errazten dituzten ekimenak abiatuz.

Inkestetan agertutako gazteen beste kezka garrantzitsu bat ere izan dute hizpide Itzubaltzetako neska-mutilek. Itzubaltzeta / Romoko herriko denda txikien etorkizun iluna dela eta bertako dendari batzuekin bildu ziren, haien arteko sare lana errazteko asmoz. Gainera, gazteen artean sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bideratu zituzten, bertako dendetan erosteko.

Kultur jarduerekin batera, iaz zein aurten etxebizitzaren gaiari ere heldu diote gaztetxeko kideek. Alde batetik, gaiaren inguruko informazioa bildu dute, zenbaki gorri gordinak era errazean azaltzeko. Beste aldetik, eragile "espekulatzaileei" leporatu diote haien ardura. Ibilbide hori guztiori gogoratzeko, hobetzeko eta saritzeko urteurreneko jaialdi luzea jarri du abian zentro okupatuak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun