"El jefe de todo esto" antzeztuko dute bihar Getxoko Antzerki Jardunaldietan

Asteburuan, bost antzerki emanaldi izango dira Algortan eta Areetan, Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldien barruan. Saio nagusia Ados taldeak eskainiko du. Hain zuzen ere, bere azken lana aurkeztuko du: "El jefe de todo esto" izenburukoa. Ekitaldia larunbat honetan, urriak 11, izango da, Algortako Getxo Antzokian, 20:00etan. Halaber, haurrentzako lau ikuskizun ere egongo dira asteburuan. Ados taldeak Lars Von Trier-en izen bereko film ezaguna moldatu du. “El jefe de todo esto” komedia katramilatsua da, nortasun ordezkapen bati buruzkoa. Simulazio istorio bat eta botereari buruzko hausnarketa bat da. Enpresen gezurrezko humanizazioa, lan-harremanak eta harreman pertsonalak uztartzen ditu. Argazkian, Mila Espiga eta Oscar Terol aktoreak "El jefe de todo esto" antzezlanean.

Informatika enpresa baten jabearen pasadizoak ditu ardatz lanak. Protagonistak bere enpresa saldu nahi du. Hala ere, arazo bat dago; izan ere, hori sortu zuenean fikziozko presidentea ere sortu zuen eta horretaz baliatu zen erabaki deseroso edo desatseginak hartzeko. Orain, enpresa erosi nahi dutenek presidente horrekin hitz egin nahi dute eta egiazko jabeak ospea galdu duen aktore batengana jotzen du, presidentearen papera joka dezan. Horrela jabeak enpresa sortu zuenetik izan zituen sei langileak lanetik botatzeko trantze txarra ere saihestuko du.

Haurrentzako egitaraua

Gaztetxoek ere antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute asteburuan, haientzako lau lan egongo baitira. Horrela, larunbatean, "Superplast" euskarazko kale-ikuskizuna aurkeztuko du Hortzmuga taldeak, Algortako Telletxe plazan, 13:00etan. Arratsaldean, berriz, "A través de África" eskainiko du Autu Mautu taldeak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, 18:00etatik aurrera.

Igandean, haurrek Potxin eta Patxin pailazo bikotearen "Egipton Gertatutak" lanaz gozatzeko aukera izango dute Telletxen, 13:00etan. Azkenik, Zirkika Zirkus taldeak "Zorionak zuri" zirko-ikuskizuna antzeztuko dute Andrés Isasin, 18:00etan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun