Hogeita hiru komunikabidek bat egin dute www.iragarkilaburrak.com ataria sortzeko

Euskarazko iragarki laburren atariak biltzen dituen webgunea aurkeztu dute gaur Donostian hainbat hedabidetako arduradunek. Ekainean, tokian tokiko hainbat herri aldizkarik, egunkarik eta agerkarik, euskarazko iragarki laburren webguneak sortu zituzten, eta orain, azken hilabeteotan proiektuarekin bat egin duten kide berriekin batera, guztiak batzen dituen webgune nagusia aurkeztu dute: www.iragarkilaburrak.com. Ehunka iragarki aurki daitezke bertan, hainbat ataletan sailkatuta, nahi dena erraz aurkitzeko bilatzaile garatuekin, eskaintzaren, prezioaren, lekuaren eta beste hainbat aldagairen arabera. Egunero milaka bisitari eta astero 100.000 aleko zabalkundea du euskarazko iragarki laburren atariak. UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitalak ekimenarekin bat egin eta laster egingo ditu beharrezko egokitzapen lanak webgunean, ukberri.iragarkilaburrak.com erabilgarri egoteko. Argazkian, Donostian gaur egindako agerraldia.

EKTren baitako Bertako Hedabideek garatu dute proiektua, eta bertako zuzendari Iban Arregik aurkeztu du webgunea, Donostiako Doka kafe antzokian egindako agerraldian. Arregiren hitzetan, "euskarak internet bidezko iragarki laburren merkatuan ere egon behar zuen, eta hutsunea ikusita, horri ekin genion, beti ere sare zabala lortzeko modu bakarra elkarlanean aritzea zela ikusita". Ildo horretan, "aurretik herri aldizkariek eta egunkariek egindako bideari beste urrats bat gehitu nahi izan zaio orain, denak sare bakar batean bilduz". Arregiren arabera, "zenbait proiektu aurrera ateratzeko elkarlana beharrezkoa da, eta hau adibide nabarmena da. Bide honi ezingo genioke ekin atzean herri aldizkariak eta elkarteak, eskualdetako egunkariak eta agerkari digitalak ez baleude. Horiek urteetan egin duten lana gabe, hau ezinezkoa litzateke".

Aurrean hainbat elkarte, aldizkari, egunkari eta hedabideetako ordezkariak dituela nabarmendu du hori Iban Arregik. Bertan izan dira, besteak beste, Barren, Eta Kitto, kazeta.info, Goienkaria, Berria, Txintxarri, ukberri.net, Uztarria eta zazpi Hitza egunkarietako zuzendariak eta ordezkariak.

Herri komunikabideek lehendik egindako bidea

Horien artetik, Goienkaria-ko eta Berria egunkariko zuzendariek hartu dute hitza, Eneko Azkaratek eta Martxelo Otamendik, hurrenez hurren. Herri komunikabideek lehendik ere iragarki laburren merkatuan egindako bidea nabarmendu du Eneko Azkaratek. Zehazki, Goienkaria-k euskarazko iragarki laburrak bilduz eta argitaratuz zortzi urte daramatzala eta urte horietan guztietan irakurleak iragarkiak euskaraz jartzera eta ikustera ohitu direla gogoratu du.

23 komunikabide elkarlanean

Hori entzunda, Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendik, zoriondu egin ditu "lehen belaunaldiko, bigarren belaunaldiko eta hirugarren belaunaldiko gurasoak", eta egitasmo honen garrantzia, euskararentzat esparru berriak zabaltzeaz gain, euskarazko hogeita hiru komunikabide elkarlanean aritzeko elkartu izana dela esan du. "Ez dut uste gaurkoa bezalako argazkirik erakusteko gai izan garenik". Ildo horretan, iragarki laburren azokaz haratago, etorkizunean ere elkarlanean urrats berriak egiteko beharra nabarmendu du Otamendik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun