Tokiko Udal taldeak, udalerriko sustapen ekonomikorako dituen helburu estrategikoen artean, azpiegitura berriak lortzen dihardu udalerrian enpresa berriak jartzeko eta daudenen garapenari bultzada bat emateko, tokiko agintariek gaur adierazitakoaren arabera. Beraien hitzetan, horren adibideak dira “hiri elkartegian” jarriko den gune teknologikoa, Areetako udal azokan jarriko dutena; teknologia eta berrikuntza zentroa, Bake Eder jauregian egoitza izango duena; eta Algortako Zubilleta aldean jarriko duten enpresen zentroa. “Proiektu horiek”, esan du Landa alkateak, “enpresa berriak erakarriko dituzte udalerrira, orain daudenentzat negozio handiagoa sortuko dute eta lanpostu asko sortuko dituzte, Getxoko bizilagunen mesederako”.
Planaren idazketa
Planaren lehenego zatia 2008ko azken hiruhilabetean egingo dute. Epe horretan, Getxoko hirugarren sektoreari buruzko informazioa jasoko da, batez ere merkataritza arloari buruzkoa; bere egoera aztertzeko eta, ondoren, sektorearen diagnostikoa egin ahal izateko. Behin ondorio horiek aterata, udalerrian "lehiakortasuna eta berezko baloreak hobetzeko" hainbat helburu ezarriko dira, eta horiek guztiak lortu ahal izateko jarduera planak diseinatuko dituzte. Ondoren, lan hori erabilita, Getxoko merkataritzaren egoerari buruzko txostena idatziko dute, baita hiru urteko plan estrategikoa (2009-2011) eta hiru urte horietako bakoitzean ezarri beharreko ekintza zehatzen plan bana ere. Pilar Zorrilla Calvo EHUko Ekonomi eta Enpresa-Zientzietako Finantza Ekonomia sailaren irakaslearen arabera, “ekimen honen azken helburua erosketak egiteko edo aisialdiaz gozatzeko Getxo herritarrentzat –bertokoentzat zein bisitarientzat– erreferente bihurtzea da”.
Getxoko hirugarren sektorea
Getxon nagusi den enpresa eredua enpresa txikiarena da, 5 langile baino gutxiagokoa, eta, orokorrean, merkataritzan eta zerbitzuen sektoreetan kokatuta. Enpresa eredu horrek, duen tamaina dela eta, baliabide gutxi izaten ditu informazioa eskuratzeko, prestakuntza jasotzeko eta negozioari eragiten dioten eremu ezberdinetako aholkularitza izateko. Hori dela eta, Getxoko Udalaren Ekonomia Sustapenerako arloa komunikazio eta lankidetza iraunkorreko etapa martxan jartzen hasi da. Enpresei zuzeneko mintzakidetza eskaini die Udalak, haien arazoak eta iradokizunak zuzenean ezagutzeko. Udalak oharren, kexen eta iradokizunen sistema orokorra finkatuta dauka, baina beste urrats bat eman nahi izan du, haientzat beren-beregi sortutako helbide elektronikoa eskainiz. Bertan, udalerriko negozio ezberdinen egoera aztertuko dute. Helbide elektronikoa hauxe da: hiri[abildua]getxo.net. Beraren bidez elkar hobeki ezagutzea eta udalerriko negozioen eta udalaren arteko harremana aktibatzea lortu nahi da.