Deustu eta Erandioko Kantugintza taldeek kantuzale guztiei zuzendutako gonbitea luzatu dute. Larunbat honetan, urriak 11, arratsaldeko 7etan Bilboko Plaza Berriko Cafe Bilbaon jarri dute hitzordua. Bertatik, Txikiteroen Egunaren aitzakiaz, kantukalejira hasiko dute Zazpi Kaleetan zehar. "Ez da koruren bateko kide izan behar, ezta entsaiatu behar ere. Agertu, kantutegia eskatu eta kantatu, hori besterik ez", azaldu dutenez. Nekez irudika daitezke Bilboko Zazpikaleak txikitero koadrilarik gabe. Baxoerdiaren tradizioa erraietaraino dago hedatuta Bizkaiko hiriburuan eta horren erakusgarri da 1964tik aurrera urtero-urtero antolatzen den Txikiteroen Festa. Urriaren 11n ospatzen da, egun seinalatua oso, Begoñako Amaren eguna baita, Bizkaiko zaindariarena. Argazkian, ekainaren 15ean Erandioko kaleak alaitu zituen Kantaguneak.