Erasoen aurrean autodefentsarako deia egin die neska gazteei Segik

Segi gazte erakundeak aste honetan izandako emakumeon aurkako indarkeria sexistaren adierazpenak salatu ditu. Gertaera hauek "zapalkuntza patriarkalaren ondorio" direla adierazi du, eta beraz, "emakumeonganako indarkeria ezabatzeko egungo sistema patriarkal-kapitalista deuseztatzea" beharrezkotzat jo du. Hori dela eta "erasoei erantzuteko" dei egin dio euskal gazteriari, eta bereziki, neska gazteei "autodefentsarako" deia egin die. Bitartean, Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak larritasunez ikusi du gazte eremuetan emakumeon aurka errepikatzen ari diren erasoak. "Bortxaketa hauek emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza orokorraren aurpegi bat baino ez" dela adierazi du. Egoeraren aurrean, "erakundeen eskutik bitartekoak biderkatu" behar direla azpimarratu du, eta gazteei dei egin die "gazte eremuak parekideak" izan daitezen. Argazkian, Santurtziko Doccas David 26 urteko neskaren hilketa salatzeko asteazkenean Algortan egindako kontzentrazioa, Getxoko Bilgune Feministak deituta.

Segi gazte erakundearen oharra:

Indarkeria sexistaren aurrean, erantzuna eta autodefentsa!

Aste honetan, ugariak izan dira emakumeon aurkako indarkeria sexistaren adierazpenak Euskal Herrian. Baionan, emakume bat eta bere hiru urteko alaba bortizki zaurituak izan ziren 52 urteko bikotekide ohiaren eskuetan; Bilbon aldiz, 19 urteko mutilak emakume bat erasotu zuen. Santurtzin, indarkeria sexistaren aurpegirik bortitzena ikusi dugu, Doccas David 26 urteko neska gaztea eraila izan delarik, eta Bilbon berriz ere 4 mutilen artean adin txikiko emakume bat erasotu eta larriki zuritua utzi dute. Tamalez, hauek ez dira gertaera isolatuak, zapalkuntza patriarkalaren ondorio dira, diskriminazioaren eta sexuen arteko botere harremanen erakusle basatienak dira.

Emakumeenganako indarkeria estrukturala da, besteak beste, jendarte eredua sexistan bizi garelako; honen arabera, botere harremanen ondorioz, emakumea gizonen menpe kokatzen da jendarte eremu guztietan; partehartze eta erabakitzea modu ezberdinean finkatzen da sexu generoaren arabera, eta ondorioz, sarri emakumea baztertu, gutxietsi eta hiltzea ekartzen du.

Hau horrela izanik ere, berdintasun faltsuaren diskurtsoan heziak izan garen gazte belaunaldia gara gu. Hala ere, azkeneko urteetan inoiz baino indarkeria kasu gehiago ematen dira gazteen artean. Honen arrazoia agerikoa da, Euskal Herrian indarrean dauden markuek ez dute egiazkoa berdintasuna bermatzen, finean, emakumeen eskubideak zapaltzen jarraitzen dute. Gainera, jaso dugun hezkuntza eredu ez hezkidetzailearen ondorioz, gazteen artean balore atzerakoi zein harreman ez parekideak iraunarazi dituzte.

Honen aurrean instituzioetatik salaketa hutsera mugatzen dira. Baina salaketarekin batera, neurri eraginkorrak martxan jarri behar dira, prebentzioa, kontzientziazioa, babes eta kontrol mekanismoak... Aurpegia garbitzeko milaka adierazpen eta kanpaina egiteak ez du errotiko arazoa konpontzen. Aitzitik, hau ez da gaur egun gure herrian marko ezberdinen kudeaketan ari diren gobernuen politikarien asmoa, jakin baitakite, emakumeonganako indarkeria ezabatzeak egungo sistema patriarkar-kapitalista deuseztatzera behartzen duela.

Honen aurrean, jendarte osoari dagokio horrelako jarrerak gogor salatzea, euskal gazteriari dagokio indarkeria kasu oro salatu, erantzun eta emakumeen eskubideen alde mobilizatzea. Era beran, neska gazteei erasoen aurrean autodefentsarako deia egiten diegu. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan, Gazteria kalera!

Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluaren oharra:

Iragan den larunbatean Bilbon emakume gazte batek pairatu duen bortxaketa larriaren aurrean honako adierazpena egin nahi dugu publiko Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluaren izenean:

Azken eraso hau, eraso isolatua izatetik urrun, emakumeon aurkako biolentziaren azken kapitulua baino ez da izan. Azken hilabeteetako gertaeren gaineko azterketa eginez, larritasun bereziz ikusten dugu nola gazte eremuetan ere emakumeon aurkako erasoen adierazpen bortitzak behin eta berriro errepikatzen diren, bereziki, jaien ospakizunen eremuan. Zoritxarrez, halakoen adibide ezberdinak bizi izan ditugu igaro berri den uda honetan zehar.

Emakumeon aurkako sexu bortxaketa eta bestelako biolentzia adierazpen larriak, emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza orokorraren aurpegi bat gehiago dira; eremu ezberdinetan eragiten duen zapalkuntza integralaren ondorio. Lan eremuan, hezkuntzan edota jendartearen bestelako eremuetan ematen den bazterkeria oro bezala, jendarte eredu patriarkarraren ondorio gisa ulertzen ditugu era honetako gertakariak.

Egoera honen aurrean jendartearen eremu ezberdinetatik eta bereziki instituzio ezberdinetatik, bitartekoak biderkatu behar ditugu egoera hau iraultzeko. Aipatu arazo integralari, aterabide integralekin erantzun behar zaio ere. Hori dela eta, egoera errotik aldatzeko biderik eraginkorrena, eremu guztietan jendarte parekidea egunez egun eraikitzea dela uste dugu. Guk lan horretan indarrak biltzeko konpromisoa berresten dugu.

Hau guztia dela eta, gazte talde eta norbanako guztiei dei egin nahi diegu genero bazterkeria ororen aurrean altxa daitezen eta jendarte parekidearen eraikuntzan ekarpena egin dezaten. Gazte eremuak eremu parekide bihurtzeko ardura gure gain hartu behar dugu.

Azkenik, biolentzia matxistaren azken biktima honi, baita gisa honetako indarkeria pairatzen duten emakume guztiei, euskal gazteon babes eta berotasun guztia helarazi nahi diegu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun