Bizkaiko Foru Aldundiak, zortzigarren urtez, Bizkaiko DBHko ikasleei eskola agendak banatzeko programa jarri du abian, ikasturtearen hasierarekin batera. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak egin ditu agenda horiek eta, ikasleentzat "erakargarri bezain erabilgarria den euskarri baten bitartez", bizkaiera sustatzea dute helburu nagusi.
Horrela, bada, urtero, Bizkaiko gazteen prestakuntza osatzeko asmoz, gai interesgarri bat aukeratzen saiatzen dira, gai horri buruzko datuen bidez agendari aberastasuna ez ezik balio erantsia ere emateko. Oraingoan, komunikazioaren teknologiei, esaterako, Interneti, heldu diete, eta teknologia horiek hizkuntza bat hedatu eta erabiltzeko eskaintzen dituzten aukerak jasotzen dituzte. Beraz, euskara moduko hizkuntza gutxitu bat sarearen bidez munduan nola agertu eta hedatu daitekeen jasotzen dute.
Bizkaiko eskola konfederazioek dute eskola agendak DBHko ikasleen artean banatzeko ardura, kanpainak zortzigarren urtea betetzen duen honetan.