Eguraldi beroa, hegoaldeko haizea eta zerua lainotsua zutela, atzo egin zuten Algortako
Itxartu Taldeak antolatzen duen ibilaldia neurtuaren 26. edizioa. Guztira 1.127 pertsonak esku hartu zuten. Pozez gainezka, Itxartuko presidente Ricardo Ansoteguik esan zuenez, “kopuru hau errekor berria da eta inoiz gainditu gabeko mila partaideen kopurua gainditu dugu lehen aldiz”. Nagusiek goizeko 8rak jo gabe abiatzen hasi ziren, 17 kilometroko ibilbidea egiteko. Denera 650 lagunek egin zuten biderik luzeena. Lehen 50 bikoteek sari bana jaso zuten eta, horien artean, Sopelako Conchi eta Felipe izan ziren irabazleak, Sopelako Naiara eta Ruben bigarrenak eta Algortako Oscar eta Bilboko Diana hirugarrenak. Sari berezien artean, aurten hamarna urteko Joseba eta Alex algortarrek jaso zuten txirrindula bana, beti bezala Zodiakoz tabernak emanak, hobeto sailkatutako 16 urtetik beherako lehenengoak izateagatik. Eta partaide zaharrenei dagozkien sariak Portugaleteko senar-emazte Carmenek eta Manuelek eskuratu zituzten. Argazkian, bizikleta bana irabazi zuten Josebak eta Alexek.