Igandean, urriak 12, abiatuko zen aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mendexako frontoian egindako lehenengo kanporaketaren bitartez. Hain zuzen ere, Eneko Abasolo “Abarkas” iurretarrak irabazi zuen saioa, finalaurrekoetara zuzenean sailkatuz. Hurrengo kanporaketa larunbatean, urriak 18, izango da Zeanuriko frontoian, 17:30etik aurrera. Eta bertan sartuko dira norgehiagokan Uribe Kosta eskualdeko hainbat ordezkari. Arrate Illaro Ipar Uribeko txapelduna eta Itxaso Paya izango dira protagonistak eta Igor Elortza, Iñaki Iturriotz, Iker Belaustegi eta Eñaut Uruburu gainditzeko mutilak. Mendexako kanporaketako puntuazioak, kronika, ikus-entzunezkoak, argazkiak,… www.botasarean.biz webgunean ikusi eta jarraitzeko aukera dago. Webgune berberan, laster, abenduaren 20an, Barakaldoko BEC-en egingo den finalerako sarrerak erosteko aukera ere izango da. Kanporaketa guztietan, hala ere, dagoeneko salgai daude sarrerak. Bitartean, Bilboko Udaleko Euskara Sailaren laguntzaz, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen saio osagarrien barruan, Jon Enbeita bertsolari eta bakarlariaren kontzertua izango da bihar, urriaren 14an, 20:00etan, Bilboko Kafe Antzokian. Argazkian, Eneko Abasolo.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!