Sare Antifaxistak antolatuta, lagun arteko giroa izan zen nagusi Leioako
Udondo gaztetxean larunbatean egin zen jardunaldi antifaxistako goizeko saioan.
Kaos en la Red kolektiboko lagunek azaldu dutenez, besteak beste, 30 lagun inguruk parte hartu zuten mahainguruan. Horretan, lehen aipatu taldeaz gain, Boltxe Kolektiboa, Ahaztuak, Euskal Herriko Komunistak eta Gazteria Komunisten Batasuna eragileek ere parte hartu zuten. Eztabaidan nabarmendu zutenez, "Faxismoaren aurka bizia galdu zutenei, bizia bera pertsonen eta zapaldutako herrien askatasuna bermatuko lukeen sistema justuago bat defendatzeagatik galdu zutela gogoratzea da egin diezaiekegun omenaldirik hoberena". Sistema horren adibidetzat "sozialismoa" jarri zuten mahaigainean, Udondon bildutakoek. Horrekin batera,
Rosa Luxemburgo Poloniako teorilari marxista gogora ekarri zuten, baita bere pentsamoldea "indarrean dagoela" adierazi ere. Bestalde, "faxismoaren aita den sistema kapitalistak" komunikabideak erabiltzen dituela salatu zuten, hain zuzen ere, "zapalkuntzaren aurkako erantzunak eta ahaleginak ezabatzeko".