Giza Art inmigrazioaz sentsibilizatzeko erakusketa Getxo udalerrian izango da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 13a, 22:05

Giza Art: Ahotsak eta Oihartzunak izeneko erakusketa aurkeztu dute gaur goizean Bilbon, Bizkaiko foru jauregian. Zubietxe elkarteak antolatuta, Giza Art Getxo, Balmaseda, Bermeo, Barakaldo eta Durango udalerrietan jarriko dute, nahiz eta oraindik data eta toki zehatza iragarri ez dituzten, migrazio fenomenoaren inguruan sentsibilizazioa eragiteko helburu nagusiarekin. Bizkaiko Foru Aldundiaren Berdintasuna eta Gizakien Eskubideen zuzendari nagusia den Iñigo Iturratek nabarmendu duenez, Giza Arten "arteak eta kulturak herritarren eskubideekin bat egiten dute". Aurkezpenean, besteak beste, Josefa Zorrizalla, Xabier Legarreta eta Imanol Landa Balmaseda, Bermeo eta Getxoko alkateak, Amaia Rios Barakaldoko zinegotzia eta Nykita Tibavichev artista eta Zubietxeko laguna izan dira. Irudian, Giza Arten parte hartuko duen Raquel Alzate barakaldarraren marrazki bat.

Iñigo Iturratek Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko herritar guztien "eskubideen berdintasuna eta errespetuaren alde egindako apustua" azpimarratu du gaur goizean: "hori guztia sustatzeko eta bultzatzeko konpromisoa eta, aldi berean, jaioterria, genero, sexu izaera edo joera ideologiko jakin batekiko diskriminazioarekin amaitzeko helburua, berritzailea den eta gizartean interesa duen ekimen batean islatzen da", Giza Arten.

Izan ere, Giza Art erakusketaren oinarrizko helburua "Bizkaiko herritarrak migrazioaren fenomenoarekiko sentikor bihurtzea da". Proiektuak bi ariketa eraginkor lantzen ditu aurreiritziak ezabatzeko: "bestea" zuzenean ezagutzea eta "bestearen" tokian jartzea. Berebiziko garrantzia duen helburu hori lortzeko, honako prozedurak erabiliko dira erakusketan: batetik, marrazkiek zein jatorrizko obrek islatzen duten errealitatea azaleratzea; bestetik, ilustrazioaren profesionalek jatorrizko egileen tokian jartzerakoan, hau da, haien bizipenetan, sufrimenduan edota esperientzian, egindako bertsioak erakustea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun