Isunak jartzen hasi da Getxoko Udalari 60.000 euro kostatutako patruila autoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 13a, 23:48

Argazki eta informatika sistemaz hornitutako autoa erabiltzen hasi da gaur Getxoko Udaltzaingoa, udalerrian txarto aparkatzen duten autoetako gidariak salatu eta horiei isunak jartzeko. Hala ere, “zerbitzua abian jartzearen arrazoia dirua bildu nahi izatea ez" dela nabarmendu nahi izan du Kepa Miñambres zinegotziak. "Zirkulazio arau hausteak eragotzi nahi ditugu, eta horregatik zerbitzua egiten duen autoak agerian ditu errotuloak eta guztiz identifikagarria da. Bere helburua da egun dagoena baino zirkulazio arinagoa lortzea udalerrian, mugikortasuna hobetzeko, erdiguneetako kale nagusienetan trafikoa oztopatzen duten autoen aurka jokatuz”, gaineratu duenez. Autoak 60.000 bat euroko kostua izan du. Tokiko arduradunaren arabera, zerbitzuak helburu bikotza du. Batetik, trafikoko arau hausteak salatu, herriko kaleetan erraz sartu ahal izateko, batez ere, Telletxen, Aingeruaren Etorbidean, Bidezabalen, Sarrikobason, Villamonten, Algortako Etorbidean, Kasunen eta oinezkoentzako gunetan, Algorta auzoan; Kale Nagusia, Mesedeetako Ama, Andres Larrazabal eta oinezkoen gunean, Areetan; eta Ibaiondo, Santa Eugenia, Errekagane, Gobelaurre eta Plentzia Hirian, Itzubaltzeta / Romon. Bestalde, lapurtutako, galdutako, isunak ordaindu barik edo aseguru barik dabiltzan autoak topatzea eta autoen kale-salmenta kontrolatzea da beste helburuat. Zerbitzua udalerri osoan barrena ibiliko da, eta batez ere astegunetan, autorik gehien dabilen orduetan.

Autoak bi argazki kamera ditu. Batak, zuri-beltzezko eta infragorrizko argazkiak (gauez) ateratzen ditu txarto aparkatuta dauden autoen matrikulak hartzeko (bigarren ilaran, taxi eta bus geralekuetan eta zamalanetarako guneetan). Bigarren kamerak, ibilgailuaren egoeraren eta dagoen inguruaren kolorezko argazkia ateratzen du. "Sistemaren atalik berritzailena da, berriz, matrikula baten argazkia bere elementu digitaletan (zenbaki eta hizkiak) banatzea ahalbidetzen duela; eta horri esker Udaltzaingoaren datu basetik ibilgailuaren, bere jabearen, eta abarren ganeko informazioa atera daitekeela. Zentzu honetan, beste polizia batzuk ere ibilgailuen ganeko informazioa sartu ahal izango dute, nahi izanez gero, Getxokoaren datu basean", azaldu du Iñaki Sesma Getxoko Udaltzaingoaren Trafiko arduradunak.

Udaltzain autoak topatzeko GPS sistema ere darama, eta udaltzainak berak sartuko dituen datuekin batera, isun-agiria sortu ahal izango dute. Gerora, ziurrenera, Udaltzain Etxeko sistema informatikoarekin lotuko da ere, WI-FI bidez, eta horrela isun-agiria berehala sortu ahal izango dute. Indarrean sartu aurretik zerbitzu honek Udaletxeko informatika sistemetara egokitu eta berauetan integratzeko fase esperimentala gainditu behar izan du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun