Luxu auto bat berreskuratu du Algortan Getxoko Udaltzaingoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 14a, 00:06

Getxoko Udaltzaingoak 2006 urtean autoak garbitzeko Madrilgo zerbitzugune batean lapurtutako Porsche Cayenne markako auto bat berreskuratu du Algortan. Autoak matrikula plaka faltsuak zituen ipinita eta, udaltzainek zabaldu dutenez, "bere egungo jabeak ez zekien ostutako autoa gidatzen zuenik, duela gutxi autoak saltzen eta erosten dituzten negozio batean erosia zuelako". Udaltzaingoak jakin izan zuen Porsche Cayenne marka eta modelo bereko bi auto zebiltzala matrikula berberarekin, Getxon egindako trafikoko arau-hauste batzuengatik hainbat isun jaso zituen bi auto horietako baten jabeari entzun eta gero. Pertsona horrek gure udalerritik ez zela igaro izan eta, gainera, isuna jaso zuen autoaren kolorea ez zetorrela bat bere autoarenarekin esan zien udaltzainei. Argazkian, Porsche Cayenne GTS modeloaren publizitate irudi bat.

Udaltzainek, orduan, auto arau-hauslearen bilatze lanei ekin zieten, eta handik egun batzuetara Algortan aurkitu zuten. Matrikularen plakak aldatuak eta txasisaren zenbakia eta agiriak faltsifikatu, eta Madrilgoa ere zen beste Porsche Cayenne baten datuak zituela ikusi zuten. Marka eta modelo bereko bi auto zebiltzan, hortaz, datu beretsuekin. Udaltzaingotik zehaztu dutenez, "txasiseko zenbakiaren faltsifikazioa oso ona zen eta ez ziren hura eta jatorrizkoa bereizten". Algortan aurkitutako noranahiko autoa Getxoko epaitegiaren esku utzi dute eta honek erabaki beharko du nori eman.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun