"Getxo Sound jaialdia beste aurrerapauso bat da Getxoko Kultur Etxearen eta bertako taldeen arteko lankidetzan", Imanol Landa alkateak berak eta tokiko teknikariak adierazi dutenez. 90eko hamarkadan hasi zen lankidetza hori, Getxoko talde-errolda sortuta. Hori izan zen taldeentzako laguntza-programaren abiagunea. Laguntza programak bizirik dirauela, maketa eta diskoa grabatzeko, kartelak inprimatzeko eta argazki-liburu profesionala egiteko laguntzak hartzen ditu barne. Horrezaz gain, Getxoko taldeek Riff Musika Eskolako entsegu-gelak erabiltzeko deskontuak dituzte. Azkenik, blues taldeek Getxoko Blues jaialdian parte hartzeko aukera dute eta beste talde guztiak Getxoko jaietan jardun daitezke, betiere batzordeek hautatzen badituzte.
Hogei bat talde
Gaur egun, hogei bat taldek osatzen dute errolda, udal arduradunen arabera. Izan ere, azken urteotan banda berriak agertu dira Getxon eta, Kultur Etxearen laguntzaz, estudio grabaketak egiteko aukera izan dute. Besteak beste, honako talde hauek beren musika maketak gauzatu dituzte: Sweet Oblivion, Standard, Izenik Ez, Iraultza, Patada en la Papada, Smile, Zurkaitz, Ehiztari Beltza, Zodiacs eta Nobel, besteak beste.