Leioako ikastetxeek hainbat ekintza prestatu dituzte eskola zein eskolaz kanpoko orduetan euskal ohiturak eta kultura sustatzeko. Leioako Udal Euskara Sailarekin koordinatuta, bertsolaritza eta euskal dantzak klase orduetan emango dituzte eskola eta ikastolek, euskara eta soinketa ikasgaietan, alegia. Bestalde, “eguerdian ere jolasean” programarekin jarraitu eta indartuko dute aurten. Bertan, umeak jantokitik irteterakoan euskaraz jolastea sustatzen duten ekintzak antolatzen dira. Bertsolaritzari dagokionez, euskara ikasgaiaren ordu bat hartuko du, bosgarren eta seigarren mailan, urtarriletik kurtso amaiera arte, horrela, Leioako Udal Euskara Sailaren arabera, "gure hizkuntza landuko da ikuspuntu dibertigarri eta praktiko batetik". Helburu kulturalen artean, ahozkotasuna lantzea, komunikazio estrategiak lantzea eta hizkuntzaren baliabide guztiak ezagutzera ematea daude. Horretaz gain, bertsoen idazketa ikastea, inprobisazioa lantzea, eta bertsoak komunikazio era baten moduan ikustea bilatzen du bertsolaritza programak. Argazkian, ume batzuk Korrika noiz helduko zain, Leioan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!