Independentzia Egunerako bonoak eros daitezke jada Uribe Kostan eta Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 14a, 20:44
Juan Jose Ibarretxek lehenengo, eta Gasteizko Legebiltzarrak ondoren, urriaren 25erako deitutako herri kontsultari erantzunez Gazte Independentistek antolatu zuten Independentzia Egunerako bonoak dagoeneko eros daitezke Uribe Kostan eta Erandion. Iruñean izan beharrean, azkenean Independentzia Eguna Hernanin ospatuko badute ere, jada egitarau osoa aurkeztu dute antolatzaileek, eta eskualdetik irtengo diren autobusak antolatu dituzte. Egun osoko bonoa 24 eurotan erosi ahal izango da larunbatera arte ohiko lekuetan. Autobusean jesarlekua gordetzea, berriz, bi euro baina ez da izango. Bestalde, EAJ, EA, EB eta Aralarrek egun horretan sei elkarretaratze egingo dituzte Gernika-Lumo eta Gasteiz sinbolikoki lotzeko eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalari erantzun bateratua emateko. Kontzentrazioak Gernika-Lumon, Zornotzan, Legution, Durangon, Urkiolan eta Gasteizen izango dira. Argazkian, Independentzia Egunaren aurkezpena / Gaztesarea.
Independentzia Eguneko egitaraua:

- 11:00etatik aurrera, herriko txistulari, trikitilari eta albokariak ibiliko dira kalean.
- 12:00etan, txupinazoa eta Independentzia Egunaren hasiera.
- Ondoren, kale animazioa eta bertso poteoa.
- 14:00etan, sagardotegia. Menua: sagardoa, tortillak eta haragia. Barazkijaleentzat menu berezia ere izango da
- Bazkalostean Independentziaren aldeko Sokatira Txapelketako finala. Sailkatutako talde batzuk dira Bilbo (Bizkaia), Amurrio (Araba) eta Burlata (Nafarroa).
- 19:00etan, "Etorkizuna Independentzia!" kalejira.
- 20:00etan, ekitaldi politikoa Txantxillako karpa handian.
- 22:00etatik aurrera, musika protagonista: Betagarri, Anestesia, DJ Bull, Ken 7, Neguri Gorriak eta Amaiur.
- Egun osoan zehar, txoznak eta bokatak izango dira Hernaniko Tilosen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun