Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri lan eta Garraio Sailak orain arte foru errepidea izan den BI-2731 Leioa-Unbe errepideko zati baten titulartasuna eman die Leioako Udalari. Elizateak berriki egindako eskariari Aldundiak emandako baiezko erantzuna dela eta Leioako Udalak Sarrienako errotondaren eta Erandioko mugaren artean dagoen errepide foralaren zatia bereganatu du. Dena den, eta Euskal Herriko Unibertsitateak Irakasle Eskolarako eta Parke Zientifikorako dituen asmoak direla eta errepide hori campusaren barruan geldituko denez, EHUrekin akordio batera heldu da Leioa. Horren bidez, Eneko Arruebarruena alkateak (argazkian) gaur prentsaurrekoan agertu duenez, Sarrienako biribilgunetik Barandiaran Goikoa institutu parean dagoen semaforora arte Leioako Udalaren zatia izango da, Mendibile auzoarekin lotzen den bidea hain zuzen ere. Puntu horretatik Erandioko udalerrira arte, bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatearen zatia izango da.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!