"Preso bat, egunkari bat" jaialdia ospatuko dute ostiralean Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 14a, 22:58

Euskal Herritik urrun sakabanatuta dauden Traparango hiru presoek egunerokotasunez Euskal Herriko bizitza jarraitu ahal izan dezaten, "Preso bat, egunkari bat" kanpaina abiatu dute Trapagarango Basetxe gaztetxea eta bertako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Lehenengo ekimena ostiralean honetan, hilak 17, Getxo udalerriko Itzubaltzeta gaztetxean egingo den jaialdia izango da. Bertan, hiru euroko sarreraren truke, Itziarren Semeak (argazkian) Mungiako ska-reggae-punk musika talde gaztearen doinuez eta La Parockia Meatzaldeko rock&roll biziaz gozatu ahal izango da. Kontzertua gaueko 9etan hasiko da eta bertan aterako den dirua Coruñako Curtis-Texeiro, Kordoba eta Badajozeko espetxeetan dauden Zigor Blanco, Oscar Calabozo eta Nerea Garaizarri egunkari baten urteko harpidetza bana ordaintzera bideratuko dute.

Hasieran, kontzertua Trapagaranen bertan egitekoa zen, baina Basetxeko auzokide batek jarritako oztopoengatik beste leku bat bilatu behar izan zuten. Antolatzaileek zabaldu dutenez, "Erromoko gazteen elkartasunari esker" azken momentuan Itzubaltzetan egitea lortu da. Dena den, kanpainak jarraipena izango du datozen hilabeteetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun