Berangoko Moreaga parkean pasa den asteburuan burutu zen Euskal Herrian girotutako lehenengo erdi aroko azokak 9.000 bat bisitari izan zituen, Izaskun Zubiaur kultur zinegotziak jakinarazi duenez.
Basque Power kolektiboak eta Berangoko Udalak egindako apustua ez zen nolanahikoa, izan ere, aurretik udalerrian egindako erdi aroko azoka estandarrekin bukatzea suposatzen baitzuen. Horren ordez, azoka "sinbolikoki eta historikoki zaindua, didaktikoa eta euskalduna" izan zen eskaini zutena eta, datuei begira arrakastatsua suertatu da. Zubiaurrek jakitera eman duenez, azoka errepikatuko dute datorren urtean eta, gainera, hainbat alderdi handituko dituzte "jendearentzako eskaintza oraindik gehiago hobetzeko". Ekimenean, 50 bat artisau, Ezkerraldeko, Iruñeko eta Erandioko elkarteak parte hartu zuten. Eskrima saioak, historia eta mitologia kontalariak, saltokiak eta umeentzako tailerrak eta animatzaile mozorrotuak izan ziren gozatuena.