Getxoko aurrekontuak berriro luzatzea "hondamendia" litzateke PPren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 15a, 17:20

Getxoko PPk 2009ko aurrekontuak negoziatzeko prozesua zabal dezan eskatu dio Udal Gobernuari, gaur goizean egin duen prentsaurrekoaren bitartez. Marisa Arrue bozeramaile popularraren arabera, "garai gogorrak, krisialdi garaiak, bizi ditugu eta PPn kezka handia dugu 2009ko aurrekontuak direla eta". Izan ere, Arruez gain, Jesus Toca-Toña eta Eduardo Andrade zinegotziek ere aurpegi serioa jarri dute prentsaurrekoan: "Imanol Landa alkateak 2007ko aurrekontuak berriro luzatuko dituelakoan gaude. Hori hondamendia litzateke". Hortaz, Landak "oparotasun garaietako" aurrekontuak luzatu ez ditzan "eskua luzatzeko prest" agertu dira eta "guztion artean" gastua murriztu eta inbertsioak aukeratuko dituzten "krisialdi garaietako" kontuak negoziatzea eskatu dute. PPren ustez, datorren urtean udal sarrerak nabarmen jaitsiko dira, tasa eta zergari dagokionez eta, bestalde, diru-sarreren %50 osatzen duten Foru Aldundiaren dirulaguntzetan jaitsiera egongo dela ziurtzat jo dute.

Arruek zabaldu duenez, Getxo udalerrian eraikuntza sektorea "geldirik" dago eta aktibitatea jaitsi egin da beste enpresa eta zerbitzuetan. Horrek udalerriko diru-sarreretan "murrizketa garrantzitsuak" ekarriko dituelakoan daude popularrak. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak udalerriak diruz laguntzeko programan, Udal Kutxa, %2ko jaitsiera aurreikusten du Eduardo Andradek, "baina askoz handiagoa izan daiteke". 2007an, 52 milioi euro banatu zizkion Getxoko Udalari Udal Kutxak, aurreko urtean baino milioi bat euro gehiago. 2006an, berriz, 45 milioi eman zizkion eta 2005ean, 39 baino ez. Aldundiak "13 milioi gutxiago jarriko balitu oso arazo larriak izango genituzke", PPko bozeramaileordeak nabarmendu duenez.

Baina "hondamendiaren" aurrean, PP prest agertu da Udal Gobernua laguntzeko, "edozein familiak bezala, gerrikoa non estutu behar dugun eztabaidatzeko bilduz". Pausu horretarako eskakizun bakarra zein zaharra egin diote Landari, "aurrekontuen zirriborro osoa eman diezagun" aldarrikatuz. Iaz, PP kexu ageri zen, Tokiko Gobernuak aurrekontuen diru-sarreren laburpena, "lau folio", baino ez zielako eman.

Akordioa lortuz gero, 2009 berdin izango da "urte zaila", popularren iritziz, baina krisialdira egokitutako aurrekontu batzuk onartuta, "guztiz geldirik egon den azken urtean ez bezala aurrera jarraitu ahal izango da Getxo".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun