Abiadura kontrolatzeko kanpainari ekin diote Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 15a, 17:59

Pasa den astelehenean hasi eta hilaren 26ra arte abiadura kontrolatzeko kanpaina berrian murgilduta daude Ertzaintza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udalerritako Udaltzaingoak, tartean Getxokoa. Hamabostaldi honetan, EAEko errepideetatik doazen ibilgailuen abiadura kontrolatuko dute poliziek, radar finko eta mugikorren bidez. 2008an egin diren beste bi kanpainetan, 920 kontrol jarri eta 19.926 gidari salatu zituzten gehienezko abiadura mugak urratzeagatik. Salaketen ondorioz, arau-hausleak guztira 22.080 puntu galtzeko zorian daude. Dena den, gutxiengoa izan zen salatutako, kontuan hartzen bada kontroletatik 1.245.157 ibilgailu igaro zirela, Ertzaintzak eta Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Getxoko, Basauriko eta Irungo Udaltzaingoek emandako datuen arabera. Kanpaina hauek 2007 eta 2010 arteko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren baitan jasota daude, eta "ibilgailuen trafikoak eragiten dituen arazo batzuen aurrean gidariek duten sentsibilitatea indartzea dute helburu, arau-hausteak egun hauetan ez ezik urte osoan ere zaintzen dituzten arren", Herrizaingo Sailak zabaldu duenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun