Ikasleen ordezkariak ere aukeratuko dituzte abenduaren 4an EHUn

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 15a, 22:49

Ikasleen ordezkariak aukeratzeko Unibertsitateko Klaustrorako hauteskunde egutegia onartu du, gaur egindako bilkuran, EHUko Gobernu Kontseiluak. Hain zuzen ere, abenduaren 4an izango dira bozak, errektore berria aukeratzeko lehenengo itzuliarekin batera. Egun berean, Irakasle eta Ikertzaile doktore iraunkorren ordezkariak hautatuko dituzte bost ikastegitan: Arte Ederren Fakultatea; Kimika Zientzien Fakultatea; Nautika eta Itsas-makineria Goi Eskola Teknikoa; Donostiako Erizaintza Eskola; eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, hurrenez hurren. Halaber, Irakasle eta Ikertzaileen taldeko gainontzeko ordezkariak zehazteko bozketak izango dira aipatu azken hiru ikastegietan. Euskal Herriko Unibertsitateak berak Klaustrorako hauteskundeen "garrantziaz" ohartarazi du, "hauteskundeen ostean, organo hoir izango baita EHUko estatutuak apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikora moldatzeko aldaketak egiteaz eta onartzeaz arduratuko dena". Horrek abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldarazi zuen, goi-mailako irakaskuntza Europako esparruan integratzeko (Bologna prozesua) oinarriak jarriz.

Klaustroa Unibertsitateko gobernurako organo subirano gorena da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Unibertsitate Legearen arabera eta bere erabakiak beste organoek onartu beharrekoak dira. Errektoreak zuzendu eta idazkari orokorrak, gerenteak eta unibertsitateko sektore ezberdinak ordezkatzen dituzten beste 300 lagunek osatzen dute. Azken horietatik %20ra baino ez da heltzen ikasleen ordezkaritza, urtero aukeratzen dena. Irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen klaustrokideak, berriz, lau urtetan behin aukeratzen dituzte. Maiatzean egin zuten horretarako azken bozketa. Baina, "betegabeko tokian daudenez", aipatu ikastegietan hauteskundeak deitzea erabaki du EHUko Gobernu Kontseiluak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun