Ibaigane kaleko merkataritza sustatzeko egitasmoa abiatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 16a, 10:58

Getxoko Udalaren Ekonomi Sustapeneko Arloak merkataritza kudeaketa hobetzeko programa berria abiatu du, Areetako Ibaigane kalean dauden saltokientzat. “Ibaigane kalean zehar” izeneko programaren helburua bertoko denden lehiakortasuna sendotzea eta merkataritza kudeaketa hobetzea da, bezeroari arreta, saltokiaren egokitzapena (merchandising) eta saltzeko teknikei dagokienez. “Enplegu eta Tokiko Ekonomi Garapenerako Zentroa-Behargintzaren ohiko zerbitzuen artean dago zerbitzu hau, baina ereduzko proba egingo dugu dendak dituzten kaleetan. Hartara, arrakastatsua bada udalerriko beste leku batzuetara zabalduko dugu. Ibaigane kalea hautatu dugu oraingoan, metrotik gertu dauden denda asko batzen dituen kalea delako”, Aitor Soloeta zinegotziak esan duenez. Programa Ibaigane kaleko dendariei aurkeztuko zaie gaur, osteguna, 14:00etatik 15:00etara, Itzubaltzeta / Romoko Ibar Nagusien Etxeko batzar aretoan (Lope de Vega kalea, 12) egingo den hitzaldian. Argazkian, hainbat saltoki Ibaigane kalean.

Nagusien Etxean bertan, baina urriaren 23an, “Kontsumoaren pauta berriei egokitzeko” hitzaldia ere emango dute. Bertan, biztanleen kontsumo ohiturak, erosketa faktoreak eta abar aztertuko dira; finean, zergatik eta zelan erosten duen jendeak gaur egun. Azaroaren 13an, berriz, “Eboluzioa negozioetan. Egokitzen dakitenek bizirauten dute” izeneko jardunaldia egingo da. Negozioak jendartearen beharrizan berriei egokitzea eta merchandising teknikak aztertuko dituzte bertan. Ekitaldi biak ordu berean, 14:00etan, izango dira. Hitzaldi horietara joateaz gain, “Ibaigane kalean zehar” izeneko programan parte hartzen duten enpresek merkataritzan espezializatutako aholkulari baten aholkua jasoko dute. Izena emateko Behargintzarekin jar daitezke harremanetan merkatariek (Algortako San Martin kalea 17. Tel.: 944 660 140. e-posta: behargintza[abildua]getxo.net eta web gunea: www.getxo.net/behargintza).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun