Hein handiko dinamizatzailea hartu berri du Berbalagun egitasmorako Egizu Getxo euskaldun! elkartean: Beñat Vidal bertsolari leioaztarra dugu bera eta aste honetan hasi da buru-belarri lanean. Arratsaldero egongo da euskara elkarteak Algortako Aldai Kulturgunean (Karitate kalea, 1) daukan bulegoan. Izan ere, oraindik ere izena eman daiteke Berbalagun egitasmoan, Egizuk jakinarazi duenez. "Epea zabalik dago urriaren amaiera arte. Taldeak norberaren egun eta ordutegi librearen arabera antolatuko ditugu. Idatzi (egizugetxo[abildua]gmail.com) edo deitu (944 914 357 / 619 935 541) eta zure datuak hartuko ditugu. Azaroaren lehenengo astean jarriko dira taldeak martxan", gaineratu dute. Dagoeneko larunbat honetarako plan ederra prestatu dute. Goizean, Gorbeia (1.475 metro) mendira joango dira eta, arratsaldean, Zeanurira, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketaz (17:30ean, frontoian) gozatzera. Argazkian, berbalagunak Lea ibarrara egindako azken txangoa / Egizu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!