Zerberri.com euskarazko albisteen bilatzaile aurreratua aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 16a, 14:03

Lehenago ere Interneteko beste egitasmo batzuk garatu dituzten Gorka Julio informatikariak eta Haritz Rodriguez kazetariak gaur aurkeztu dute Zerberri.com albiste bilatzaile aurreratua. Zerberri.com Google bilatzailean oinarritutako tresna da. Jakina da bilatzaile erraldoiak hainbat hizkuntzatan eskaintzen duela albisteak bilatzeko zerbitzua, GoogleNews bezala ezaguna dena, alegia. Baina, orain artean, Googlek ez du euskarazko albisteen bilatzailerik garatu. Gaztelaniaz, esaterako, 700 iturrik eskaintzen dituzten albisteak bilatzen ditu Googleren tresnak, frantsesez 500 eta ingelesez 4.500. Zerberri bilatzaileak, mementuz, 100 albiste iturri inguru arakatzen ditu, guztiak euskaraz. Argazkian, Gorka Julio Zerberri.com bilatzailearen sortzaileetako bat / Aitor & Lorea

Iturrien aurretiazko hautaketa eta denbora tartearen araberako bilaketa dira Zerberri.com webgunearen ezaugarri nagusiak, hizkutzarekin batera. Alegia, bilatzaile honek aldez aurretik hautatutako iturri euskaldunetako emaitzak eskaintzen ditu soilik eta, gainera, bilaketa kronologikoak egiteko aukera eskaintzen du: azken 24 ordutan, azken astean, azken hilabetean, azken hiru hilabetetan, azken sei hilabetetan, azken urtean eta edonoiz. Sustatzaileek adierazi dutenez, “tresna honekin euskarazko Internet sareari ekarpena egin nahi izan diogu, albisteen bilaketak egin ahal izatea ahalbidetuz”. Zerberri.com webguneak, mementuz, 100 iturri inguru arakatzen dituen arren, aurrerantzean albiste iturri gehiago ere gaineratuko dituztela jakinarazi dute arduradunek. Horretarako, iturri berriak proposatzeko deia luzatu dute, webgunean horretarako prestatu duten txokoaren bitartez.

Bildu.net, Euskaltube.com eta Txioka.net bezalako webguneen sortzaile diren Gorka Juliok eta Haritz Rodriguezek, bestalde, epe laburrean beste egitasmo batzuk ere aurkeztuko dituztela iragarri dute. Baina ez dute oraindik xehetasun gehiago eman. Bien bitartean, internauta euskaldun guztiak animatu dituzte Zeberri.com bilatzailea erabiltzera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun