Ondarearen Europako Jardunaldien harira, azaroaren 2ra bitartean, “Portu Zaharra. Abrako altxorra” izeneko erakusketa egongo da ikusgai Algortako txoko horretan. Erakusketa leku desberdinetan banatutako antzinako 33 irudik eta horien azalpen laburrek osatzen dute. Portu Zaharraren historiaz gain, bertakoen ohiko ogibideak ere ezagutzera ematea da horren helburua, udal iturriek adierazi dutenez. Horrekin batera, ostiral honetan (hilak 17) eta hurrengoan (hilak 24) “Txalaparta eta bertso-saioa” egingo dute Etxetxu plazan, 20:00etatik aurrera. Hurrengo bi larunbatetan (hilak 18 eta 25), berriz, “Akordaten naz” ikus-entzunezko proiekzioa eskainiko dute, 21:00etan. Eta 19an eta 26an, 13:00etan, kalejira eta sardina jana egongo dira. Halaber, nahi duen guztiak Portu Zaharra antzeztutako bisita gidatuekin ezagutu ahal izango dute. Ezinbestekoa da, aldez aurretik, Turismo Bulegoan erreserba egitea, 944 910 800 telefono zenbakian edo
infoturismo[abildua]getxo.net helbide elektronikoan. Argazkian, Portu Zaharreko bizilagun bat argazki panel alboan eserita, emakume batek margoa egiten dabilen bitartean.
Argazki gehiago hemen ikus daitezke.