"Novedades" aldizkariaren bitartez garai bateko euskal argazkigintza aztertu dute EHUn

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 30a, 16:57

EHUko doktore-tesi batek XX. mendearen hasierako argazkigintza eta argazkilariak aztertzea eta ezagutzea proposatzen du "Novedades" aldizkari grafiko eta irudidunaren bitartez. Horretarako, aldizkari horren 400 aleetatik lortutako informazioa bildu, katalogatu eta digitalizatu du. "Novedades" aldizkaria Donostian argitaratu zen 1909tik 1929ra bitartean. Guztira, 402 ale kaleratu zituen, eta hasieratik, irudiaren aldeko apustua egin zuen. Atal grafikoa osatzen zuten 9 orrialdeetan 69 ilustrazio agertzen ziren. Guztira, "Novedades" aldizkariak 20.000 ilustrazio baino gehiago argitaratu zituen, horien artean gehienak argazkiak. Horregatik guztiagatik, aldizkari horrek XX. mendearen lehen hereneko euskal argazkigintza eta argazkilariak ikertzeko oso material baliotsua eskaintzen du, EHUko iturrien arabera. Ikerketa hori egin ondoren, Maddi Elorza Insausti doktoreak tesia osatu du "En torno a la revista Novedades: Fotografia y fotografos en el Pais Vasco en el primer tercio del siglo XX" (Novedades aldizkariaren inguruan: XX. mendearen lehen hereneko euskal argazkigintza eta argazkilariak) izenburupean. Lan horretarako, aldizkariaren material grafikoa katalogatu du, argazkiak eta argazkilariak aztertu ahal izateko. Argazkian, "Novedades" aldizkariko aleetako bat.

Maddi Elorza Insausti Giza Zientzietan lizentziatua da, eta aurkeztu duen tesia EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate saileko Santos Zunzunegui Diez irakasleak zuzendu du. Aldizkariaren inguruan egindako ikerketa sakonari esker, argitaratutako 402 aleetatik 400 bildu ahal izan dira, orain arte, ale horietako asko EAEko hainbat guneetan sakabanatuta baitzeuden. Gainera, "Novedades" aldizkariak arte grafikoen eta prentsaren sektorean esparru interesgarria betetzen duela ikusi ahal izan da. Izan ere, XX. mendearen lehen hereneko prentsa irudidunaren adibide bakarrenetakoa da. "Aldizkari horren ikerketari esker, garai horretako euskal argazkigintzaren eta argazkilarien ezaugarriak ezagutu dira. Horretarako, aldizkarian argitaratu zuten estudioko argazkilarien, amateurren eta erreportari grafikoen lana aztertu da", azaldu dutenez.

Argazki bilduma

Gainera, eduki grafiko guztia digitalizatu due. Horri esker, 20.000 irudi baino gehiago dituen argazki-bilduma egin da. Irudi horiek garai eta leku jakinetakoak dira eta, hori, edozein argazki-fondorentzat interesgarria izateaz gain, gerora ere beste lan batzuetan erabiltzeko aukera emango du. "Novedades" aldizkaria komunikabide bezala aztertu ondoren, haren agerpenaren testuingurua ere —Donostiako eta Gipuzkoako gizartea, politika, ekonomia eta kultura— aztertu du Maddi Elorzak, eta Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko XIX. mendeko argazkigintza ezagutzeko aukera egokia da. Gainera, aldizkako euskal prentsa irudiduna ere aztertu ahal izan da. Horri esker, "Thun Thun", "El Aurresku" edo "La Semana" Euskara aldizkariak aurkitu dira. EHUren arabera, "aldizkari horiek aitzindariak izan ziren irudiaren erabileran eta ale bakar batzuk baino ez daude gordeta Loiolako santutegiko artxiboan".

Gainera, Rafael Pikabea Leguiaren inguruko azterketa ere egin du ikerlariak. "Novedades" aldizkariaren eta "El Pueblo Vasco" egunkariaren zuzendaria izan zen Pikabea eta funtsezko pertsonaia da XX. mendeko lehen erdiko euskal ekonomia, politika eta gizartea ulertzeko.

Irekitako ikerketa lerroak

Tesiaren egilearen iritziz, "egindako ikerketak ate asko ireki ditu eta aukera asko ematen ditu argazkigintzaren alorreko ikerketan sakondu nahi duenarentzat". Bere ustez, "Novedades" aldizkariak material asko eskaintzen du, ikerketa bakar batean sakontasunez aztertu ezin daitekeena. Irekitako ikerketa-lerroen artean, hauek aipatu ditu, besteak beste, ikerlariak: tesian aztertu ez dituen argazkilariak ikertzea edo ikertu direnen batzuetan gehiago sakontzea.

Beste ikerketa-lerro bat izan daiteke Rafael Pikabea Leguiaren inguruan egindako azterketa sakontzea. Izan ere, oso pertsonaia garrantzitsua —eta konplexua— da, garaia eta gaia bera aztertzeko. Hori dela eta, lasai eta sakon aztertzea merezi du, XX. mendearen hasierako prentsa, politika eta gizartea ulertzeko duen garrantzia kontuan hartuta. Laburbilduz, "Novedades" aldizkariaren ikerketa sakonak aldizkaria prentsa irudidunaren esparruan kokatzeko nahikoa material eskaintzen du. Eta, gainera, euskal argazkigintzaren historian aurrera egitea ahalbidetzen du, XX. mendeko lehen hereneko argazkilarien argazki-fondo garrantzitsua eta etorkizuneko ikerketetarako material kopuru ugari eskaintzen duelako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun